Surinam
(Izen ofiziala, Surinamgo Errepublika; neerlanderaz, Republiek Suriname). Hego Amerikako ipar-ekialdeko estatua, Atlantiko itsasertzean. Holandar Guyana izenaz ezagutu izan zen burujabetasuna lortu zuen arte. 163.820 km2 eta 475.996 biztanle (2008, surinamdarrak). Mugak: iparraldean, Itsaso Atlantikoa; ekialdean, Guyana frantsesa; hegoaldean, Brasil; ekialdean, Guyanako Errepublika Kooperatiboa. Hiriburua: Paramaribo, 67.905 biztanle; hirialdeak 246.000 ditu (1988). Hizkuntza ofiziala: neerlandera. Etniak: indiar-pakistandarrak, % 37; surinandar kreoleak, % 31,3; javatarrak, % 14,2; beltzak, % 8,5; indiarrak, % 3,1; txinatarrak, % 2,8; holandarrak, % 1,4; besteak, % 1,7. Erlijioa: hinduismoa, % 26; katolikoa, % 21,6; musulmana, % 18,6; protestantea, % 18; besteak, % 15,8. Dirua: Surinamgo gilderra. v Orografia eta hidrografia. Itsasaldea estu samarra, laua eta zingiratsua du. Handik hegoalderakoa, barrurago eta garaiago dena, mendi-koskorrez eratua da eta tropiko aldeko oihanez estalia. Mendirik garainea, Juliana (1.230 m) Surinamgo erdialdean dago. Hego-mendebala goi-ordokia da eta sabanetako landarediaz estalia dago. Zazpi ibaik zeharkatzen dute hegoaldetik iparraldera; horietan garrantzirik handiena dutenak Corentin, Guyanako Errepublikatik bereizten duena, Surinam eta Maroni, Guyana frantsesetik bereizten duena, dira. Kostaldeko ibilguan izan ezik ezin ibili da horietan ontziz. v Klima. Klima beroa (kostaldean 27 °C, batez beste), euritsua eta hezea du. Urte guztian egiten du euria (2.000 mm kostaldean eta 3.000 mm inguru lur barruan). Hala ere apiriletik abuztura bitarteko eta azarotik otsaila bitarteko sasoiak lehorragoak dira gainerakoak baino. v Biztanleak eta gizartea. Oso biztanle gutxiko lurraldea da Surinam (3 biztanle km2 bakoitzeko). Gainera, horietatik % 65,2 hirietan eta aldirietan bizi da. Hizkuntza ofizialaz gainera, ingelesa, kreolera, sranang-tongoa eta Asiako beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen dira. Surinamdarren % 10k ez daki irakurtzen eta idazten. Lehen mailako ikasketak % 85k egiten ditu, bigarren mailakoak, % 63k eta goi mailakoak, % 6,9k. Bizitza itxaropena, gizonezkoentzat 67 urtekoa eta emakumezkoentzat 72 urtekoa da. Gobernuari dagokionez, Surinam errepublika bat da, ganbara bakarreko Legebiltzarra duena. Administrazioari dagokionez, lurraldea bederatzi eskualdetan banatua dago. v Ekonomia. Surinamgo ekonomiaren ardatz nagusiak zerbitzuak (langileen % 55), industria (% 20), nekazaritza (% 20) eta meagintza (% 5) dira. Nekazaritzako sail handiena kostaldean dago. Arroza lantzen da batez ere. Arrozaz gainera, banana, azukre kanabera, kokoa eta fruitu garratzak lantzen dira. Baso aberastasun handia du; lurraldearen % 96a oihanez estalia dago. Baliabide handiak dauzka arrantzarako ere, eta gero eta gehiagora doan alorra da. Nolanahi ere, nekazaritza defizitarioa da. Aberastasunik handiena bauxitatan du, baina horrekin, energia baliabideak ere baditu, ubideena batez ere. 3.500.000 tona inguru bauxita ateratzen da urtean (1988 eta 1989ko datuen arabera). Bauxitaz gainera, burdina, manganesoa, urrea, platinoa eta uranioa ere birada. Surinamgo industria aluminiogintzan oinarritzen da gehienbat (1.567.000 tona 1989an), esportatzen duen guztiaren % 81. Ekonomian aluminioaren garrantzia ez badute ere, palmondo-olioa, azukrea, porlana, egur-xaflak eta edariak ere aipagarriak dira. Ekonomiari bultzada handiagoa emateko daukan eragozpena kanpo zorra, eta horren ondorioz mailegu-diruak bildu ezina du. v Errepide eta trenbide hoberenak kostaldean daude. Itsas portu handia du Paramaribok. Nazioarteko hegaldietarako aireportua Zanderij-en dago. v Historia. Surinamera iritsi ziren lehenengo europarrak holandarrak izan ziren (1602). Berrogeita hamar urte inguru geroago Barbados uharteko britainiar gobernadoreak bere jarraitzaileak bidali zituen Surinam hartzera. Bi taldeen arteko liskarra Bredako Itunak (1667) konpondu zuen. Holandarrak, gero Holandar Guyana izango zen lurraldearen jabe geratu ziren eta haren trukean Nieuw Amsterdam (New York gero) eman zieten britainiarrei. 1682an, Afrikatik esklaboak eraman eta kafea eta azukre-kanabera lantzen hasi zen Mendebaleko Indietako holandar Konpainia, baina horietako esklabo askok barrualdeko oihanetara alde egin zuten, Afrikan bezala leinuetan antolaturik bizi izateko. XIX. mendean bi aldiz egon zen Holandar Guyana ingelesen mende (1799-1802 eta 1804-1815). Harrezkero, burujabetasuna lortu zuen arte, Holandarena izan zen. 1863an, esklabotasuna gaitzetsi zenean, Asiako hainbat herrialdetatik eraman zituzten langileak azukre-kanabera eta gainerako sailetan lan egitera. Surinamek izan duen ekonomia iturririk garratzizkoena, bauxita meategiak, 1815ean aurkitu ziren. Burujabetasunaren bideari, Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren ekin zitzaion. Autonomia handiagoa lortu zuen 1954an, aurreko konstituzioa aldatu zutenean eta 1975eko azaroaren 25ean burujabetasun osoa iritsi zuen. Johan H.E. Ferrier izan zen lehen lehendakaria eta Henk Arron Lehen ministroa. Surinam izenaz ezagutu izan da harrezkero. 1980-1985 bitartean militarren esku egon zen aginpidea, Dési Bouterse koronela buru zela. Azken urte horretan Nazio Batzarra osatu zen konstituzio berria egiteko. 1987an, bozketa orokorrak antolatu ziren eta militarren zazpi urteko aginpideari amaiera eman zitzaion. Bozketa horiek Garapeneren eta Demokraziaren aldeko Fronteak irabazi zituen, baina Bouterse koronelak Nazioko Kontseilu Militarraren lehendakari jarraitu zuen, Surinamen eragin handia baitu erakunde horrek. 1990ean, gudarosteak hartu zuen berriz ere aginpidea, baina urtebete eskas eman zuten militarrek, 1991ko maiatzean berriro legebiltzarrerako bozketak egin eta urte bereko irailean molde demokratikoetara itzuli baitzen Surinam, Ronald Venetiaan lehendakari zuela. 1999ko urtearen hasieran krisi ekonomiko handiak erabateko greba orokorra eta manifestazio handiak eragin zituen eta Jules Wijdenboschen gobernuak dimititu behar izan zuen. 2000ko hauteskundeetan, Venetiaan izendatu zuten berriz ere lehendakari. 2006an, eurite handiak izan ziren eta uholdeek hondamen izugarriak eragin zituzten: 175 herri desagertu eta 25.000 lagun ezer gabe gelditu ziren.
http://www.kabinet.sr.org/