Surinach, Carlos
Estatubatuar musikaria, jatorria katalana (Bartzelona, 1915 - New Haven, Kalifornia, 1987). Bartzelonako Udal Kontserbatorioan lehenbizi, eta Alemaniako zenbait erakundetan gero, egin zituen ikasketak. 1944an Bartzelonako Filarmonikoko eta Lizeoko Antzokiko zuzendari izendatu zuten. Parisen egonaldi laburra egin ondoren, Estatu Batuetara joan zen eta hango herritartasuna hartu zuen. Konposizioko eskolak eman zituen Carnegie-Mello Unibertsitatean (Pittsburg), eta Queens Collegen (New York). Mundu osoan egin zen ezagun, balleterako idazten zituen partiturengatik: Embattled garden (1958, Jardin setiatua); Acrobats of God (1960, Jainkoaren akrobatak); Symphonic variations (1962, Aldaketa sinfonikoak); Chronique (1974, Kronika); The owl and the pussycat (1978, Hontza eta katua); The eyes of the goddess (1978, Jainkosaren begiak). Baina dantzarako musika ez ezik, orkestra, abesbatza, ganbera talde eta abarretarako ere idatzi zuen. Espainiako herri tradizioan –flamenkoan batez ere– oinarritutako musika egin zuen gehienbat, eta Albéniz, Granados eta Fallaren ondorengotzat hartu zuten. Albénizen ondorengoek berek Iberia maisulanaren orkestrarako bertsioa egiteko eskatu zioten. Gainera, ganbera musikarako zenbait obra moldatu zituen, XVIII eta XIX. mendeetako espainiar dantzetan oinarrituta. Garrantzizko beste lan batzuk: Sinfonetta flamenca (1953, orkestrarako); Fandango (1954, orkestrarako); Concertino (1956, piano, hari eta zinbaletetarako); David and Batha-Sheba balleta (1960). 1963an Cantata of St. John idatzi zuen CBS telebista katearentzat.