supereroamen
iz. Fis. Zenbait gaik zero absolutuaren inguruko tenperaturan duten erresistentzia elektriko eza. Tenperatura horri transizio tenperatura deritza, eta gai bakoitzak berea du (-253 °C-tik beherakoa gehienetan). 1911. urtean Heike Karmerlingh Onnes holandar fisikariak aurkitu zuen zilarbizian. Gai horretaz gainera, beste 25 bat gaietan aurkitu izan da; metal batzuek izaten dute, zinkak, magnesioak, eta berunak esaterako, eta baita zenbait aleaziok eta konposatuk ere, hala nola berun sulfuroak eta tungsteno karburoak. Supereroale zirkuitu batean korronteak jarioan irauten du, korrontea sortzen duen iturria agortzen bada ere. Supereroale materialaz osatuak izaten dira egun diren elektroiman indartsuenak, behin energia jaso eta gero eremu magnetikoa luze mantentzen dutenak. Tasun hori duten gaientzat erabilera ugari asmatu dira (energia gordetzeko sistemak, errailen gainetik airean lastertasun handiz mugitzen diren trenak, ordenagailuen osagaiak edo motorrak, esaterako) gaur egun oraindik gauzatu ez diren arren. Egun ikertzen ari dira halaber, tenperatura beroagoetan tasun hori duten gaiak.