sukar
iz. Gorputzaren hozberoaren goratze ez ohikoa, eritasunen baten ondoriozkoa izaten dena. || Garra, lehia bizia. || sukar beltz. Kolera. ◊ Sukar ustela. || sukar ustel. Eritasun kutsakorra, Eberth-en baziloak eragina. v Med. Eritasun ugariri lotutako sintoma konplexua da sukarra, eta ezaugarri nagusi hauek ditu: hipertermia (gorputzaren tenperatura igotzea), takikardia (bihotzaren erritmo azkarragoa), takipnea (arnasketaren erritmo azkarragoa), azala eta mihia lehortzea, nekea, ondoeza eta artegatasuna. Bi motatakoa izan daiteke, eragile zuzenaren arabera: sukar diskrasikoa (gorputzak berak sortutako katabolitoen metatzeak eragina: nekearen ondoriozkoa, digestio prozesuei edota gotari lotutakoa, etab.) eta sukar kutsakorra (bakterioen pozoiek edota birusek sortua). Batean zein bestean, sukarraren eragileak, odolean zehar doanean, oztopatzen du tenperatura erregulatzen duten guneen jarduera. Sukartzat hartzen da 37 °C-tik gorako tenperatura, eta guztiz arriskutsua gerta daiteke 44 °C-tik gora. Eritasun batzuek sukar mota bereziak eragiten dituzte; sukar horiei eritasunarekin lotutako izena eman ohi zaie: sukar aftosa (abere batzuen eta gizonaren eritasun kutsakorra. ik. glosopeda, aholegar); artritikoa (gotari lotua); kuartana (malariari lotua); tifoideoa (tifusari lotua); paratifoideoa (Salmonellak eragina); etab. v Maltako sukarra. Brucella melitensis-ek eragindako eritasun kutsakorra, Mediterraneo aldeko lurraldeetan endemikoa dena. v Sukar horia. Stegomia fasciata edo Aedes aegypti eltxoaren ziztadaren bidez, birus batek kutsatzen duen eritasuna, Afrikako eta Amerikako lurralde bazuetan endemikoa dena. Oso azkar igotzen da sukarra, eta eriak oka egiten du oso sarritan. Laugarren edo bosgarren egunean, botakinak gorritu edo beztu egiten dira, odola baitago bertan.