Sukarrieta
Bizkaiko kostaldeko udalerria, Mundaka eta Busturiako udalerrien artean, Gernikako itsasadarraren ezkerraldean, Txatxarramendi uhartearen parez-pare (Busturialdea). Mugak: iparraldean, Mundaka eta Ibarrangelu; ekialdean, Ibarrangelu eta Arteaga; mendebalean, Mundaka eta Busturia; hegoaldean, Busturia eta Arteaga. Garaiera, 5 m. 1,48 km2. 1997ko datuen arabera, 334 biztanle (sukarrietarrak; samikolarrak). Auzo nagusiak: Sukarrieta, Kanala, San Antonio, Las Muñecas, Txatxarramendi eta San Pedro. Hizkuntza banaketa 1996an: 209 euskaldun, 43 ia-euskaldun eta 58 erdaldun. Azken urteotan udaleku bihurtu da Sukarrieta. Langile gehienek zerbitzuen alorrean dihardute (udatiarrentzako azpiegiturak, oinarrizko zerbitzuak; langileen % 68). Aipagarria da Kanalako Ama Andra Maria Legendikako parrokia eliza. v Historia. Bizkaiko giza finkamendurik zaharrenetakoa da Sukarrieta, eta Santiagoko Bideko Bizkaiko adarretako bat ere izan zen Erdi Aroan. Arrantzan eta nekazaritzan oinarritua zen sukarrietarren ekonomia jarduera XIX. mendearen bukaeran turismoa izugarri garatu zen arte.