Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sukaldaritza

iz. Sukaldariaren lanbidea; janariak prestatzeko edo maneatzeko antzea.  v  Mendebaleko sukaldaritzaren oinarriak Berpizkunde garaian jarri ziren. Mediciko Katerinak, geroago Frantziako Henrike II.a izan zenarekin ezkondu zenean, Italiako sukaldaritza sofistikatua eraman zuen Frantziara. Geroago, Luis XIV.a, XV.a eta XVI.a erregeekin frantses Grande Cuisine sortu zen, Marie-Antoine Carême, George-Auguste Escoffier eta 1938. urtean frantses sukaldaritzaren inguruan Larousse Gastronomique argitaratu zuen Prosper Montagnéren idatzi eta lanei esker.  v  Jangaiei dagokienez, Frantzian eta Txinan mota guztietakoak erabiltzen dira. Itsaso Barearen inguruan, kokoa eta taroa dira jangai nagusiak. Afrika aldean, berriz, kakahuetea. Ekialde Hurbilean jogurtaz, alberjiniaz, olibez eta arkumeaz baliatzen dira sukaldaritzan. Indian eta Indonesian, espeziak erabiltzen dira jakiak ontzeko. Hego Amerikan artoa da nagusi. Italian, aldiz, pasta eta arroza egunoro erabiltzen dira sukaldaritzan. Europako iparraldeko herrietan izokina eta sardinzarra prestatzen dute era guztietan. Japonian arraina eta barazkiak, eta Alemania aldean, zerrikia, hegaztiak, orenkia eta basurdea.  v  Euskal Herrian, 1970. urte inguruan, Luis Irizar sukaldari ospetsuaren eskutik, Euskal Sukaldaritza Berria sortu zen, eta haren ikasle izan ziren gaur egun entzutetsu diren euskal sukaldari ugari. Juan Mari Arzak sukaldariak, bestalde, euskal sukaldaritza eman du ezagutzera mundu osoan. Euskal Herrian, hemengo jangaiak erabiltzeaz gainera, gaur egun diren sukaldaritza baliabide berriei esker, beste kulturetako osagaiak ere erabiltzen dira.