sufismo
iz. Erl. Islamaren barneko dotrina mistikoa. || Islam ortodoxoaren zorroztasunaren kontrako erreakzio gisa sortu zen VIII. mendean Basora-ko eskualdean eta Arabian (La Meka, Medina). Anaidietan (tariqat) elkartzen ziren eta banakako aszetismoa praktikatzen zuten. Gerora, beste joeren eragina izan zuen sufismoak, hala nola kristautasunarena, neoplatonismoarena, hinduismoarena (nirvana kontzeptua), eta baita panteismoarena ere. Sufismoak araudi teologikoaren aldean erlijio intuizioaren nagusitasuna azpimarratzen du, errituen eta dogmen gainetik, nahiz eta horiek ez baztertu, eta Jainkoarekin bat egitea defenditzen du. Sufismoaren beste oinarri bat dizipuluaren (murid) iniziazioa da, maisu (pir) batengandik jaso beharrekoa. Literatura jori baten iturburua izan da. Gaur egun bizirik badirau ere, haren aldekoak heretikotzat hartzen dituzten erreformatzaileen eta fundamentalisten erasoak jasan ohi dituzte maiz.