sufre
iz. Kim. Oxigenoaren saileko gai bakuna (S; at.-z. 16; at.-m. 32,06). Solido horia da, eta pisu espezifikoa 2 g/cm3 du. 115 °C-tan urtzen da, eta isurkari hori argi bat eratzen du; gehiago berotzen bada isurkari hori likatsu bihurtu eta ilundu egiten da; 220 °C inguruan beltza eta oso lodia egiten da; gehiago berotzean jariakari beltz bihurtzen da eta 444,6 °C ingurutan irakiten du. Aldaketa horiek sufre mota desberdinak daudela adierazten dute, eta bakoitza kristal sistema batean (oktoedrikoan, monoklinikoan etab.) kristaltzen dela. Kimika jokaeraren aldetik oxigenoaren antz handia du, baina hura baino elektropositiboagoa da. Hidrogenoarekin eta karbonoarekin erreakzionatzen du ingurune beroan eta hidrogeno sulfuroa (H2S) eta karbono sulfuroa (CS2) eratzen ditu, eta halogenoekin eta oxigenoarekin ere konposatuak eratzen ditu; hauen artean ezaguna da oxido sulfurosoa (SO2). Metalekin ere sulfuroak eratzen ditu. Izadian oso zabaldurik dagoen gai bakuna da, batez ere sumendiak izan diren lurralde inguruetan; metalekin elkartuta ere sarritan agertzen da burdinaren, kobrearen, berunaren eta zinkaren sulfuro gisa. Beroaren eta elektrizitatearen eroale txarra da. Oxido sulfurosoa, azido sulfurikoa, karbono sulfuroa, hiposulfitoak eta abar lortzeko, pospoloak egiteko, kautxua bulkanizatzeko, mahastiak sufreztatzeko eta abarretarako erabiltzen da.