Sudeteak
(Txekieraz eta polonieraz, Sudety; Al. Sudeten). Txekiaren eta Poloniaren arteko mugaren mendebalean den mendialdea. Gailurrik gorena Snezka da (1.602 m). Baso ustiakuntza, nekazaritza, meagintza eta oihalgintza dira ekonomia jarduerak, beirazko eta portzelanazko lanekin batera. Txekiako printzeek XII. eta XIV. mendeetan eskulangileak eta meagizonak ekarri zituzten Alemaniatik eta han kokarazi. Harrezkero, txekiarren eta alemaniarren arteko gatazkak ugari izan dira Bohemiako historian. v Sudeteetako alemaniarrak. Hala deitu izan dira Bohemiako, Moraviako eta Silesiako alemaniarrak, sudete deituak. Hitler-ek aginpidea (1933) eskuratuz gero, bertako germaniarrek autonomia lortu zuten eta, Konrad Heinlein buru zutela, 1938an beren lurraldea Alemaniaren mende gera zedin eskatu zuten. Urte hartako irailaren 29an, Munich-en Alemaniak, Italiak, Britainia Handiak eta Frantziak sinaturiko itunek gatazka ekarri zuten eta lurralde hura Alemaniaren mende geratu zen. 1945ean Potsdam-go itunen arabera, lurralde horiek Txekoslobakiari itzuli zitzaizkion eta sudeteak egotzi zituzten handik (1938an 3.200.000 ziren eta 160.000 bakarrik 1946an).