soziologia
iz. Gizarteen sortze eta garapena, eta gizarte egitura, joera edo jokabideak oro har aztertzen dituen jakintza. v Soziologiaren helburua errealitate sozialaren ezagutza iristea da, egite jakinei dagokienez (elementuak), elementuen arteko erlazioei dagokienez (egiturak), eta egituren arteko erlazioei (erakundeak). Azterketa soziologikoak horietako maila edo alderdi bati besteei baino garrantzi handiagoa ematen dio, nahiz eta batek bakarrik ez duen berez agortzen errealitate horren ezagutza. Hiru alderdi horiek, bestalde, beste hainbeste ikuspuntutan hartzen dute ikerketarako oinarria (arrazoi epistemologikoa, oinarri metodologikoa eta deskripzio teknologikoa): banaketaren ikuspuntua da lehena (elementuak), teknika kuantitatiboetan oinarritua, eta tresna nagusitzat estatistika inkestak erabiltzen dituena; bigarrena ikuspuntu estrukturala da, egituraren ikuspuntua, teknika-praktika kualitatiboetan oinarritua, testu eta diskurtsu sozialak eta ikerketaren objektu eta subjektuaren arteko harreman zuzena azpimarratzen dituena; eta ikuspuntu dialektikoa da hirugarrena, oinarrizko praktika sozioanalisia duena. v Historian, soziologiaren sorrera jakintzaren alor moderno gisa 1883. urte inguruan kokatzen da, A. Comteren Cours de la Philosophie Positive argitaratu zenean hain zuzen ere. Hasierako soziologiak, XIX. mendeko bilakaeraren teoriekin batera garatua (Comte, Saint-Simon, Spencer…), eta sintetikoa edo sistematikoa deitua, Newton-en fisika hartzen zuen oinarri zientifiko-teknikotzat, eta gizartearen funtzionamenduaren lege unibertsalak aurkitzea zuen helburu. Osotasunera jotzen duen ikusmoldea da hau, biologiaren ereduari jarraituz; joera horren arabera, gizarte bizitza arautzen duten legeak ezagutuz gero, ez litzateke zaila gizarte horren bilakaera aurrez ezagutzea, eta, ondorioz, gizartearen ordena kontrolatzea (V. Paretoren “Oreka sozialaren teoria”). XIX. mendearen bukaeran, Durkheim-ekin bereziki, soziologia analitikoa deritzona agertu zen: “existitzen den, azter daitekeen gauza bakarra, gizarte jakinak dira, elkarren arteko harremanik gabe jaio, garatu eta hiltzen direnak” (1895, Règles de la méthode sociologique). Gizartearen osotasunaren azterketaren ideiari aurrez aurre, joera analitikoak gizarteko talde edo alderdi bereziak ditu aztergai. Soziologia analitikoa beraz ez zen saiatu lege unibertsalak bilatzen, bestela baizik, ideia orokor egokiak adieraztera mugatu zen. Garai hartakoa da beste soziologo handi bat, eragin handia izan duena, M. Weber. Weber-ek soziologiaren aztergaitzat giza jarreren berdintasuna hartu zuen, zentzua duten neurrian, alegia, ulergarri diren heinean, eta, hala, ikerketa enpiriko jakinak bultzatu zituen, jokabide berdintasun horiek mugatzeko bide bakarra hori zelako ustean. Weber-en ondoren, etengabe sortu ziren soziologia joera desberdinak. Hauek dira nagusietako batzuk: soziologia historikoa, Durkheim-en eta batez ere Weber-en obratik aurrera garatu zena; estrukturalismo-funtzionalismoa, T. Parsons-en inguruan; estrukturalismo frantsesa, sorreran Saussure-ren hizkuntzalaritza eta Levi Strauss-en antropologia dituena; eta marxismoa, sarritan estrukturalismoarekin lotu ohi dena; Marx hartu ohi da ezagutzaren soziologiaren aitzindaritat. Nolanahi ere, eskola eta teoria desberdinak leku eta denbora jakinetan sortuak dira, eta aukera ideologiko baten erantzun dira beraz.