Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

soziolinguistika

iz. Hizkuntzaren soziologia, hizkuntzaren gizarte alderdien azterketa.  v  Soziolinguisten ustez hizkuntza ez da komunikazio sistema hutsa, eta ezin da gizarte baten arau eta ohituren multzotik at ulertu. Aitzitik, hizkuntzaren baitakoa da errealitate soziala: hizkuntzak, “sinbolizatzaile unibertsala” denez gero, alegia, komunikazio moduen eta gizarte harremanen adierazpen nagusia denez, errealitatea baldintzatzen du. Alor horretan garrantzi handikoak izan dira hizkuntzaren ikerketa antropologikoak, haietan oinarrituta hasi baitzen garatzen; bestalde, F. Saussure hizkuntzalariaren obra funtsezkoa izan da soziolinguistikan  v  Hiru dira soziolinguistikako eskola nagusiak: britainiarra (Tylor eta Malinoswski), frantsesa (Durkheim-en joera) eta Estatu Batuetakoa (Sapir eta Whorf). Malinoswskik hizkuntza ekintza modutzat eta ez pentsamenduaren adierazpen soiltzat agertu zuen. Durkheim-ek eta bere jarraitzaileek, hizkuntzaren izate soziala azpimarratuz, gizartearen mailaketa aztertu zuten, hizkuntzaren formen ugaritasuna aztertzeko giltzarria delakoan. Estatu Batuetako eskolan hizkuntza erlatibismoa, edo “Sapir-Whorf tesia”, sortu zen, honela dioena (eta Euskal Herrian 1970 urte inguruan halako oihartzuna izan zuena): “herri baten hizkera mundu ikuskera jakin baten seinale eta adierazpen da; hitz egiteko erak erlazio sozialen iturburu dira”. Ideia horiek denak oso kritikatuak izan dira; kritika horien artean aipatzekoa da N.Y. Marr-ek ikuspegi marxistatik egin zuena, oso zabaldua garai batean (“gizartearen sistema ekonomikoari dagokion gaiengitura da hizkuntza; hala, azpiegitura ekonomikoa aldatuz gero, hizkuntza ere aldatuko litzateke”), eta gaur egun erabat baztertua. Nolanahi ere, eskola guztiak bat datoz hizkuntzaren izate soziala, eta haren garrantzia errealitate sozialaren oinarrizko osagarri gisa, azpimarratzean.