Sousa, Marcio de
Brasildar eleberrigile, antzerkigile eta zinemagilea (Manaus, Amazonas, 1946). Gizarte zientzietako ikasketak egin zituen, Sao Paulon, baina bukatu gabe utzi zituen. Jaioterrira itzuli eta zinema kritika egiten hasi zen O Trabalhista egunkarian. Geroxeago Manauseko beste egunkari batzuentzat lan egin zuen. 1967an, bere zinema kritikak bilduta, O mostrador do sombras liburua argitaratu zuen. Zinemarako zuen zaletasunak bultzatuta, Boca do Lixo mugimenduan parte hartu zuen eta zenbait film zuzendu zituen, adibidez A Selva, Ferreira de Castrok Amazoniari buruz idatzitako eleberri baten egokitzapena. Antzerkigile gisa, bere eskualdeko egoeraren berri ematen zuten obrak idatzi zituen: Zona Franca, mi amor; A Paixão de Ajuricaba; A maravilhosa história do sapo Tarô-Bequê; Diroá, o elogio da preguiça. Bertako kulturari buruzko azterketa ironiko bat ere egin zuen A expressão amazonense do colonialismo ao neo-colonialismo saiakeran. Idazle gisa, Galvez, o imperador de Acre eleberriak –hiri haren konkistaren kontakizun lotsagabea– eman zion ospea. Beste lan aipagarri batzuk: Organização silêncio (1964), gobernu militarren kontrako erreakzioari buruzkoa; Mad Maria (1987), Madeira-Mamoré errepidearen ("inondik inora doan errepidea") eraikuntzari buruzkoa.