Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Souphanouvong

Laostar printzea (Luang Prabang, 1912 – Vientiane, 1995). Errege familiako kidea, eta Laosko errepublikako lehen lehendakaria. Ingeniari ikasketak egin zituen, Frantzian. Laosera itzultzean, 1930eko hamarraldiaren bukaeran, higikunde abertzalean parte hartu zuen. Bigarren Mundu Gerraren bukaeran, berriz, frantsesen aurka borrokatu zen Indotxinako gerran. Pathet Lao mugimendu nazionalista komunistaren sortzaileetako bat izan zen, 1950ean. Bere anaiorde Souvanna Phoumaren lehendakaritzapean, Plangintza, Berreraikuntza eta Hirigintza ministro izan zen (1957-1958), baina atxilo hartu zuten gobernua erorarazi zuen estatu kolpe batean. Ihes egitea lortu zuen, eta handik aurrera Pathet Lao taldearen ekintza armatuen arduradun izan zen. 1962an, denboraldi labur batez, anaiarekin bat egin zuen koaliziko gobernu batean. Gero, baina, Estatu Batuetako gudarostearen laguntza zuen Souvanna Phoumaren gobernu zentralaren aurka borrokatzen jarraitu zuen, hamarraldi oso batez. Bake hitzarmena 1973an gauzatu zen, batasun nazionaleko gobernu bat eratu zenean, Pathet Lao taldearen gidaritzapean. 1975ean monarkia abolitu ondoren, Souphanouvong Laosko Herri Errepublika Demokratikoaren lehen lehendakaria izan zen. 1986an karguaren dimisoa eman zuen, osasun arazoak argudiatuz, baina Pathet Laon zituen karguei eutsi zien, 1991. urtea arte.