Silva, Antunes da
Portugaldar kontakizun idazle eta olerkigilea (Alentejo, 1921 - Evora, 1997). Bere herriko nekazari pobreen aldeko lanean nabarmendu zen, eta jarduera horri eskaini zion bere literatura lan askoren edukia; izan ere, bere lan gehienetan, bai olerkietan zein hitz lauzkoetan, bere herriko nekazari inguruetako gizarte eta ekonomia desberdintasunen gaia erabili zuen. Antonio de Oliveira Salazarren diktadurari aurre egin zion, eta horren eraginez erbestean bizi izan zen berrogei urtez. Lehen ipuin bilduma 1946an eman zuen argitara, Gaimirra izenburupean; haren ondoren idatzi zituen zenbait olerki liburu, besteren artean, Esta terra nossa (1952, Gure lur hau) eta Canzoes do vento (1957, Haizearen abestiak). Geroago eleberrigintzan murgildu zen, arrakasta handiz, eta hiru maisu lan eman zituen argitara: Suáo (1960), Alentejo é sangue (1966) eta Terras velhas semeadas de novo (1976).