Silva, Roberto Carlos da
Brasildar futbolista (Garca, Brasil, 1973). Familia langile batean sortu zen, eta bera ere 14 urterekin hasi zen lanean egur lantegi batean. Beste lanbide batzuetan jardun zuen ondoren, harik eta São João de Arraras taldean hasi zen arte. Talde hartatik Palmeirasera aldatu zen eta hiru denboraldiz jokatu zuen bertan: bi Liga Paulista (1993 eta 1994), 1993ko txapelketa nazionala eta urte hartako Río-São Paulo lehiaketa irabazi zituen talde hartan aritu zen garaian. 1995ean lortu zuen bere karrerako arrakasta handienetakoa, Milanek fitxatu baitzuen. Ordurako bazituen zenbait ezaugarri aipagarri, adibidez zangoetan gihar-masa gehieneko brasildar jokalaria izatea edo baloiari indar gehienez jotzen ziona izatea. Milanen denboraldi batez jokatu ondoren Real Madridek fitxatu zuen. Talde horrekin Espainiako Liga txapelketa irabazi zuen 1997an, eta kontratua 2002. urtea arte luzatu zioten. Nazioarteko kirolari dagokionez, munduko gazteen mailako txapeldunordea izan zen 1991n, Copa América txapelketako bigarren gelditu zen 1954an eta brontzezko domina irabazi zuen 1996ko Olinpiar Jokoetan; nazioarteko arrakasta handiena, dena den, 1997an lortu zuen, bere taldearekin Copa América irabazi baitzuen urte hartan.