Silesia
Europako erdialdeko lurraldea, Oder ibaiaren ibarrean, Sudete mendien eta Beskide mendien artean. Gaur egun Poloniako, Txekiar errepublikako eta Alemaniako lurrak hartzen ditu. Bi lurralde nagusi bereizten dira: iparraldekoa, Behe Silesia, lursail emankorrekoa, eta hegoaldekoa edo Goi Silesia, mea baliabide handiak dituena. v Antzina eslaviarrak bizi izan ziren Silesian, eta XI. mendean Poloniaren mendean geratu zen. Boleslaw III.aren garaian printzerrietan zatitu zen eta garrantzi handiko kolonizazio prozesu bat izan zen; XIII. menderako biztanle gehienak germaniarrak ziren. Germaniarren kolonizazioaren garaian abeltzaintza indartu, industria eta meagintza sortu eta ekonomia asko suspertu zen. Poloniako Kasimiro III.a Handiak Bohemiaren esku utzi zuen, baina XV. mende inguruan autonomia eta eskubide bereziak eman behar izan zizkioten Bohemiako agintariek, harik eta, 1526an, Habsburgotarrek eskubide haiek kendu zizkioten arte. XVIII. mendean istilu asko izan ziren Austriaren eta Prusiaren artean Silesiaren gaineko aginpidea zela eta. Frederiko Prusiakoak bere estatuaren mendean ezartzea lortu zuen. Lehen Mundu Gerraren ondoren Goi Silesia Alemaniaren esku uztea erabaki zen, baina erabaki haren kontrako matxinadak izan ziren eta azkenik Poloniak eskuratu zuen. 1938-39 urteetan, ordea, Alemaniak Silesia eta Polonia osoa hartu zituen. 1945ean Silesia osoa Poloniaren esku geratu zen.