Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

silex

iz. Miner. Jalkin harria, kuartzo mota batez eta kaltzedoniaz osatua. Kolorea zuri grisaxkatik beltzeraino izan dezake. Gaur egun oraindik ezatabaidatu egiten da harri horren jatorria; batzuen ustez, itsasoko uretan urtuta dagoen silizearen kimika prezipitazioz eratzen da; beste batzuen ustez, aldiz, beren osaeran silize asko duten animalien sedimentuek jasandako diagenesia prozesuaren ondorioz eratzen da. Daitekeena da, hala ere, silexaren aztarnategi desberdinak jatorri desberdinetakoak izatea. Oso harri gogorra da, eta tasun horixe ezagutzen zuten Harri Aroko gizonek. Garai hartan harriz egiten ziren tresna asko (eskuzko aizkorak, gezi puntak, harraskagailuak, burilak…) silexez egiten ziren. Neolitos garaian merkataritzako salgai bihurtu zen silexa eta ehunka kilometrotara zeuden herrialdeetara saltzen zen.