sifili
iz. Sexu harremanen bidez kutsatzen den eritasuna, Treponema palidum bakterioak eragina. Herentziaz transmitzen da, eta sexu harremanen bidez kutsatzen da. XV. mendearen bukaeran eta XVI.aren hasieran, asko hedatu zen eritasun horiEuropan, eta horregatik pentsatu izan da, luzaroan, gaitza espainiarrek Amerikatik ekarri zutela. Beste teoria baten arabera, Napoliko erreinuan, 1494an, frantsesen aurka izan ziren gerren ondorioa izan zitekeen sifilisaren hedatzea (horregatik deitu izan da gaitz frantsesa eta gaitz napolitarra). Ikerketa modernoagoen arabera, ordea, Asian bide du gaitz horrek jatorria, eta bidaiariak ugaltzearekin batera zabaldu zen Europara. v Hiru alditan garatzen da sifilisa: lehenbiziko aldian (kutsatzetik 3-4 astetara), ulzera kutsakorrak (txankroak) ageri dira, sexu organoetan gehienbat; bigarrenean (txankroak ageri direnetik 2-3 hilabetetara hasi eta 1-4 urtez iraun dezakeena), bakterioak organismo osora hedatzen dira, eta era askotako kalteak sortzen (sukarra, pikor berezi ugari larruazalean, iritisa, ilea galtzea, hezur giltzaduretako eta buruko min bortitzak, etab.); hirugarrenean, tumoreak agertzen dira (gibelean, hezurretan, muki ehunetan, aortan, nerbio sisteman, etab.). Nerbio sistemari erasoz gero, atrofia eta paralisia eragin ditzake sifiliaren azken aldi horrek. Sendabideari dagokionez, penizilinak emaitza onak lortzen ditu oro har, baina ez da hain eraginkorra aspaldiko sifilisetan.