Sieff, Jean-Loup
Frantses argazkilaria (Paris, 1933 – Paris, 2000). Literatura, kazetaritza eta argazkilaritza ikasi zituen Parisko Vaugirard eskolan eta Suitzako Veveyn. Argazkilari gisa bere kasa hasi zen lanean, baina 1955ean Elle aldizkariak kontratatu zuen. Handik hiru urtera Magnum agentzian sartu zen eta garrantzizko lanak egin zituen Grezia, Turkia eta Polonian. Lan hura utzi ondoren New Yorkera aldatu eta hainbat aldizkarirentzat lan egin zuen han eta Europan (Glamour, Harpeer’s Bazaar, Vogue, Queen). 1966an Parisa itzuli zen eta bertan finkatu zen. Lan nagusiak modaren alorrean egin zituen, eta oro har, edertasunaren garrantzia azpimarratu zuen, emozioarekin batera. Jean-Loup Sieffen helburua zen emozio jakin batzuk une jakinetan nola agertzen diren adieraztea; bere ustez, ezagutza gehiegiak emozioak ezkutatzen ditu, eta analisi zorrotzak edertasuna suntsitzen. Erretratua, esaterako, gehien ikusten den gorputz atalaren, aurpegiaren irudia izaki, egileak nahi aituen sentimenduak eta existitzen ez den edertasuna islatzeko emateko maskara hipokrita zen, bere iritzian, eta horregatik zaletu zen pertsonen ipurdiekin, parterik ezkutuena, kutsurik gabea, soilena delakoan. Horrela, azpimarratzekoak dira Sieffen biluziak, Europako argazkilaritzan iraultza eragin zutenak. Paisaiaren gaia ere landu izan du, maisutasunez, arreta gune nagusitzat harturik zuri-beltzean oinarrituriko iluminazioa, lurraren testura, erretenek osatzen duten amarauna edo hareazko dunak…