Shaw, Sandie
Erresuma Batuko pop abeslaria (Dagenham, 1947). Cilla Black abeslariarekin batera soularen eraginpean sorturiko pop estilo leun eta zuri berezian nabarmendu zen 1960ko hamarraldian. 1964an lortu zuen lehenengo arrakasta "There´s Always Something There To Remind Me" abestiarekin. 1965ean berriro iritsi zen gorenera Sandie bere lehen diskoarekin. Antzeko arrakastaz argitaratu zituen bere beste zenbait lan harik eta 1967an Eurovision jaialdia irabazi eta nazioarteko ospea lortu zuen arte "Puppet On A String" abestiarekin. 1970eko hamarraldian ez zuen lan aipagarririk egin, baina 1982an beste gonbidatu bereziekin batera parte hartu zuen BEFen (British Electric Foundation), eta harrezkero hainbat grabaziotako gonbidatu gisa parte hartzeko deitu izan diote, adibidez, 1984an The Smiths taldearen "Hand In Glove" abestian. 1988an The Smiths taldearen Rough Traded disko etxean sartu zen eta Hello Angel diskoa eman zuen argitara. 1990eko hamarraldi hasieran hondoa jo zuen disko etxe hark, eta Virgin etxearentzat hasi zen lanean orduan; 1994an bere abesti ospetsuenen bilduma bat argitaratu zuen, eta oso harrera ona izan zuen Erresuma Batuan.