Shatt al-Arab
Irakeko ibaia (200 km) eta delta, Tigris eta Eufrates ibaien bilgunean (Pertsiako golkoa). Irango Karun ibaia ere isurtzen da deltan Basora-ko hiriaren hegoaldean. Delta 180 km luze da; al-Faw edo Fao-ko portua dago bokalean. Delta horretan dago Irak-eko estatuaren itsasalde bakarra. Irango Abadan hiritik bokaleraino, Irak-en eta Iran-en arteko muga eratzen du deltak. Basora da hiri garrantzitsuena eta haren inguruetan daude munduko palmondo sail handienak (munduko ekoizpenaren hiru laurden). Garrantzi handikoa da Fao-ko portua, Irak-eko petrolioaren esportazioa handik egiten baita. 1980-1988 Iran-Irak gerran gudu bortitzak izan ziren bertan; orobat 1991ko Irak-eko gerran; gerra horren ondoren biztanleak –xiiak gehienak– Irakeko gobernuaren kontra matxinatu ziren –Irakeko biztanleen gehiengoa musulman sunnia da–. Mendebaleko estatuek hegazkin militarrez ibili ezineko babes gune izendatu zuten bonbardaketak galarazteko.