Shaw, Robert
Estatubatuar abesbatza zuzendaria (Red Bluff, Kalifornia, 1916 - 1999). Musikaren alorreko lehenengo arrakasta Collegiate Chorale abesbatzaren sorrerarekin eskuratu zuen, 1941ean. 1948an Robert Shaw abesbatza sortu zuen. Shaw izan zen bere garaiko abesbatza zuzendari ospetsuenetakoa. Bere lanaren ezaugarri nagusiak bere zuzendaritzapean jarduten zuten abesbatzei ematen zien bikaintasun teknikoa eta bizitasuna ziren. Izan ere, Shaw dramatismo handiko lanen eta abesbatza handien zuzendaritzan nabarmendu zen nagusiki; dena dela, abesbatzen zuzendaritzan ez ezik, orkestra zuzendari gisa ere lan egin zuen. Besteak beste, San Diegoko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari izan zen 1953tik 1958ra, eta zuzendari laguntzaile izan zen Clevelandeko Orkestra Sinfonikoan 1956-1967 bitartean. Azkenik, lan aipagarria egin zuen, Atlantako Orkestra Sinfonikoa zuzentzen, 1967 eta 1988 bitarteko urteetan.