Shamir, Itzhak
Israeldar politikaria, jatorriz poloniarra (Bialystok, 1914). Polonian sortu zen arren, Palestinara aldatu zen 1935ean. Irgun Tzevai Leumi talde paramilitar sionistako kidea izan zen, eta 1940an Stern taldea sortu zuen, Palestinako arabiarren kontrako ekintzak aurrera eramateko; britainiarren kontrako sabotaje kanpaina bat egin zuen, besteak beste. Bi aldiz atxilotu zuten, baina ihes egin zuen eta atzerrian bizi behar izan zuen, harik eta 1948an Israelgo estatu sortu berrira itzuli zen arte. Israelgo inteligentzia zerbitzuen (Mossad) buru egin zuten eta 1970ean Menahem Begin buru zuen Herut alderdian sartu zen. Legebiltzarreko bozeramaile izan zen 1977tik 1980ra, eta urte hartan Kanpo Arazoetako ministro izendatu zuten. Kargu hura alde batera utzi gabe, Beguinek dimisioa eman ondoren Shamirrek eskuratu zituen 1983an bai Lehen ministroaren kargua eta bai Likud alderdi kontserbadorearen buruzagitza. 1984ko hauteskundeetan Alderdi Laboristak aurrea hartu zion Likud alderdiari, eta Shamirrek nazio batasuneko gobernua onartu behar izan zuen; laboristen buruzagi Shimon Peres izendatu zuten Lehen ministro eta Shamir Lehen ministrorde, 1986 arte, eta ondoren trukatu egin zituzten beren karguak. 1988ko hauteskundeen ondoren koalizio gobernuan Lehen ministro gisa jarraitu zuen Shamirrek, baina 1990ean nazio batasuneko gobernua desegin zen eta Likud eta eskuineko alderdi eta alderdi erlijioso batzuen arteko koalizioa bilatu zuen. Oro har, palestinar iraultzaren kontrako jarrera agertu zuen Shamirrek, baina 1991n Ekialde Hurbilerako bake hitzarmenetan parte hartu zuen; Zisjordanian gune juduak sortzea onartu zuelarik, zailtasun handiak eragin zituen eta istiluak izan zituen Estatu Batuekiko harremanetan. 1992an Likudek hauteskundeak galdu eta Shamirrek Lehen ministro kargua utzi behar izan zuen; Ithzak Rabinek hartu zuen haren lekua. Hurrengo urtean Likud alderdiaren buruzagitza utzi behar izan zuen, eta 1996an bere karrera politikoa alde batera uztea erabaki zuen.
- Shakespeare, William
- Shakhlin, Boris
- Shalmaneser
- shaman
- Shamash
- Shamir, Itzhak
- Sha-mo
- Shan
- shan
- Shandela
- Shandernagor