Shakhlin, Boris
Sobietar gimnasta, jatorriz ukrainarra (Ishim, 1932 – Kiev, 2008). 12 urterekin umezurtz gelditu zen eta harrezkero aiton-amonekin hezi zen. Ospe handiko gimnasta izatera iritsi zen, eta kazetariek "Boris Burdin" ezizena ezarri zioten. 1956an Melbournen urrezko bi domina eskuratu zituen, horietako bat arkudun zaldian, eta zortzigarren gelditu zen sailkapen nagusian. 1969an garaipena lortu zuen berriro arkudun zaldian, eta barra paraleloetan ere domina lortu zuen; urrezko bi haiez gainera, zilarrezko beste bi domina eskuratu zituen. Azken Olinpiar Jokoak 1964koak izan zituen, Tokion. 32 urte zituen ordurako, eta urrezko domina bakarra lortu zuen arren, sailkapen nagusian hirugarren gelditzea lortu zuen. Tokioko jokoen ondoren kirolari profesional gisa jarraitu zuen, harik eta 1966an, Dortmundeko munduko txapelketan, huts egin eta erretiroa hartu zuen arte. Shakhlinek bere karreran zehar Olinpiar Jokoetako hiru edizioetan beste edozein gizonezko atletek baino domina gehiago eskuratu zituen, hamahiru domina, horietako zazpi urrezkoak. Eta Olinpiar Jokoak ez ezik munduko 14 txapelketa ere irabazi zituen. Gimnastika profesionaletik erretiratu ondoren Ukrainako Gimnasiako Federazioko lehendakari izendatu zuten.