Sforza
Italiar handiki familia, Jacopo Muziok sortua eta Milanen 1450-1535 urteetan agindu zuena. v Jacopo Muzio edo Giacomuzzo Attendolo, Indartsua deitua (Cotignola, Romagna, 1369 - Pescaratik hurbil, 1424). Kondotiere edo soldadu mertzenarioen buruzagia zen eta Florentziaren, Aita Santuaren eta Napoliko Joana II.aren alde borrokatu zen. v Francesco I.a Sforza, Jacoporen semea eta Italiako kondotiererik ospetsuenetakoa (1401 - 1466). 1441. urtean Milango dukearen alabarekin ezkondu zen eta dukea hil zenean Milango duke bihurtu zen Francesco. Cosme Medici eta Frantziako Luis XI.aren laguna zen, eta Lonbardia osoa jarri zuen bere mende. v Galeazzo Maria Sforza, Francescoren semea (1444 - Milan, 1476). 1466-1476 urteetan Milango dukea izan zen. Mertzenarioa zen eta Bramante babestu zuen. Hil egin zuten eta haren seme Gian Galeazzo Sforzak hartu zuen kargua eta alaba Bianca Maria Maximiliano I.a enperadorearekin ezkondu zen. v Caterina Sforza, Galeazzo Mariaren alaba (1463 - 1509). Girolamo Riarorekin ezkondu zen eta hura hil zutenean bere seme Octavioren eskubideak babesten saiatu zen. Giovanni della Bande Nera kondotierearen ama zen. v Gian Galeazzo Sforza, Galeazzo Maria Sforzaren seme eta ondorengoa (1469 - 1494). Bere ama Bonna Savoiakoa semearen aginpidea ziurtatzen saiatu bazen ere, osaba Ludovico Mairuak aginpidetik baztertu zuen Gian Galeazzo. Bonna Sforzaren aita zen, Sigismundo I.a Poloniako erregearekin ezkonduko zena. v Massimiliano Sforza, Ludovicoren semea (1490 - 1530). Milanen egokitu zen 1512an baina Marignango guduan garaitu egin zuten (1515). v Francesco II.a Maria Sforza. Massimilianoren anaia (1492 - 1535), 1521. urtean dukerria berreskuratu zuen Karlos V.aren laguntzarekin.