Seyrig, Delphine
(Jaiotza izena, Delphine Claire Beltiane). Frantses antzerki eta zinema antzezlea (Beirut, Libano, 1932 – Paris, 1990). Txikitatik munduko herrialde ugari ezagutzeko aukera izan zuen, bere aita, Henri Seyrig, arkeologo garrantzitsua zenez, etengabe bidaiatzen baitziren. Azkenean Parisen jarri ziren bizitzen, baina berak Estatu Batuetara itzultzea erabaki zuen 1956an, eta New Yorkeko Actor´s Studios eskola ezagunean arte dramatikoko ikasketak egin zituen. 1958an arrakasta handia lortu zuen Broadwayn, Ibsenen Herriaren etsai bat obran egindako lanarengatik. Urte hartan bertan egin zuen bere lehen filma ere. Parisera itzulirik, 1960an Alain Robbe-Grillet idazlearen eta Alain Resnais zuzendariaren Azken urtea Marienbaten film abangoardista arrakastatsuan parte hartu zuen. Ondoren, antzerkian jarraitu zuen, baina 1964an berriz ere zinemara itzuli zen, Resnaisen Muriel filmean parte hartzeko; bertan egindako lanarengatik interpretazio saria eman zioten Veneziako Zinemaldian. Bere ibilbide profesionalean hogeita hamar film baino gehiago egin zituen. Hona hemen nagusiak: Joseph Loseyren Accident (1967), Luis Buñuelen Le charme discret de la bourgeoisie (1972), Jacques Demyren Peau d´Ane (1970), etab. Antzerkian, berriz, Molièreren Tartuffe eta Ibsenen Hedda Gabler. Bestalde, emakumearen funtzio sozialaren aldeko ekintza askotan parte hartu zuen, Simone Signoret antzezlearekin, Marguerite Duras idazle eta zinema zuzendariarekin eta Simone de Beauvoir idazlearekin batera.