Serra, Frai Junípero
Espainiar elizgizona eta kolonizatzailea (Petra, Mallorca, 1713 - San Carlos de Monterrey-ko misioa, Kalifornia, 1784). 1730. urtean frantziskotarren ordenan sartu zen eta Palmako unibertsitatean izan zen irakasle. 1749. urtean Espainia Berriko misioetara bidali zuten. 1749-1758 urteetan Sierra Gorda-n izan zen (Queretano) eta handik Mexikora abiatu zen. Mexikon Croix erregeordearekin jarri zen harremanetan, iparraldea konkistatzeko asmotan. 1767. urtean jesuitak egotzi zituztenean Behe Kaliforniara bidali zuten. 1769. urtean Goi Kaliforniara joan zen eta San Diegoko eta San Carlos de Monterrey-eko misioak sortu zituen. 1776. urtetik aurrera misio gehiago zabaldu zituen San Franciscon, San Gabrielen (egungo Los Angeles-en), eta beste leku batzuetan. Eremu horretako indiarrak katoliko bihurtu zituen eta gaztelania irakatsi zien. 1988. urtean dohatsu egin zuten.