Serra, Richard
Estatubatuar eskultorea (San Francisco, 1939). Berkleyn eta Santa Barbaran egin zituen ikasketak 1957-1961 bitartean, Kaliforniako Unibertsitatean, eta ingeles literaturan graduatu zen. 1961-1964 urteetan, berriz, Yaleko Unibertsitatean ikasi zuen, beka batzuekin. Ondoren, eta beken laguntzarekin, Parisa (1965) eta Florentziara (1966) bidaiatu zen, eta Erromako galeria batean bere lehen bakarkako erakusketa egin zuen. Espainiara eta Afrikako iparraldera joan zen ondoren, eta azkenik New Yorken finkatu zen. Hasieran antiformarekin edo postminimalismoarekin lotu zen Serraren obra, eta gerora eskulturarentzako site specifity (leku jakin bat) kontzeptua landu duen artista garaikide nagusi gisa nabarmendu da. Ospe handia eman diote material industrialetatik (beruna, altzairua eta hormigoia) eskulturak egiteko erabiltzen dituen prozesu bitxiek. Aipagarriak ditu, besteren artean, neonez eta kautxuz egindako muntaia sail bateko lanak. Gerrikoak (1966-1967, Guggenheim, New York) lanean neonezko hodien distiraren eta larru bulkanizatuzko gerrikoen biguntasunaren arteko kontrastea nabarmentzen da eta harrezkeroko lanetan bezala, garrantzi handia eman zion materialaren izaerari eta grabitazio pisuari. 1968-1969 bitartean eskulturarekin lotu daitezkeen aditz sail bat osatu zuen eta sail horretatik abiaturik berunezko 100 bat eskultura sortu zituen. Aipagarria du Splashing (Salpicadura, 1969) saila ere, New Yorken berun urtua paretaren eta lurraren kontra jaurtiz egina. 1970eko hamarraldian obra monumentalagoa osatu zuen, altzairu beroaz neurri handiko eskultura soilak eginez. Leku jakinetarako egindako eskultura ikusgarrietan azpimarratzekoa du Arku makurra (1981), New Yorkeko Federal Plazarako egina. Baina eskultura ez ezik, zinema ere landu du Serrak. 1960ko hamarraldian zenbait film egin zituen, Andy Warholen eraginpean, esaterako Hand Catching Lead (Beruna hartzen duen eskua) eta Hands Tied (Lotutako eskuak).