Serra Güell, Eudaldo
Espainiar eskultorea (Bartzelona, 1911). Sorterriko Arte eta Lanbideen Eskolan egin zituen ikasketak. Ondoren Italia eta Parisa bidaiatu zen, eta 1932an Berlin, Varsovia, Mosku eta Leningrado bisitatu zituen. 1934an bakarkako lehen erakusketa egin zuen, Bartzelonan tradizio figuratiboari jarraituz egindako marrazki eta eskulturekin, eta harrezkero abangoardiari jarraitu zion, tankera surrealistako eta dada joerako lanekin, material eta gauzaki bitxiez osaturiko obrekin; obra horiek "3 Escultores" erakusketan aurkeztu zituen, 1935ean. Urte hartan bertan Japoniara aldatu zen; han hartu zuen bizitokia eta lantegi txiki bat antolatu zuen. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren Kataluniara itzuli zen, baina 1948az gero Bartzelona, Japonia eta ekialdeko beste herrialde batzuetan hara-hona ibili da; horrela, Serraren obran nabarmena da ekialdeko artearen eragina, ekialdeko herrialdeetara egindako bidaia ugarien eraginez. 1949an "Altamirako Eskola" abangoardia taldearekin bat egin zuen. Garrantzi handiko lana egin zuen Serrak eskultura surrealistaren alorrean, material, molde eta testura berrien ikerketari dagokionez batez ere, adibidez Escultura (1934) eta Guitarras (1934) eskulturetan, edo metal ehunez eta beira paperez egindako collage batean; dena dela, 1936 aurreko bere lan gehienak galduak dira. Erakusketa asko egin ditu hainbat herritan, bai bakarka (Tokio, Kobe, Bartzelona, New York, Madril eta abarretan) eta bai taldean (Kobe, Bartzelona, Madril, Veneziako eta Sao Pauloko Bi urtekoak, Santander, etab.).