Senegal
(Izen ofiziala, Senegalgo errepublika; Fr. République de Sénégal). Afrikako mendebaleko estatua. 196.722 km2 eta 12.853.259 biztanle (2008, senegaldarrak). Mugak: iparraldean, Mauritania; ekialdean, Mali; hegoaldean, Gineako errepublika eta Ginea Bissau; mendebalean, Ozeano Atlantikoa; Gambiako estatua inguratzen du. Hiriburua: Dakar (1.030.594 biztanle, 2005). Hiri nagusiak: Saint-Louis, Thies, Kaolack eta Ziguinchor. Hizkuntza ofiziala: frantsesa. Etniak: wolof-ak, % 43,7; fulani eta tukulor-ak, % 23,2; serer-ak, % 14,8; diola-k, % 5,5; malinke-ak, % 4,6; besteak, % 8,2. Erlijioa: musulman sunnia, % 94; katolikoa, % 4,9; animismoa, % 1,1. Dirua: CFA frankoa. v Orografia eta hidrografia. Senegalgo ia lurralde osoa zelaia da. Oro har, hiru alderdi bereiz daitezke: mendebalean, Cabo Verdeko lurmuturra eta eskualdea, sumendi-haitz gogorrezko goi-ordoki txikiez osatua; hego-ekialde eta ekialdean, Gineako Fouta Djallon mendien adarren ertzetako mendixkak, gehienez ere 500 m garai direnak; eta gainerakoan, lurmuturraren eta mendixken arteko guztian, sakan zabal eta zelai bat da. Kostaldea zelaia eta zuzena da Senegal ibaiaren bokaletik Saloum ibaiaren bokaleraino. Handik hegoaldera, berriz, ibai bokale batzuek hautsia eta zingiratsua da. v Senegalgo ibai nagusiak, iparraldetik hegoaldera, Senegal eta Faleme, Ferlo, Sine, Saloum, Gambia eta Casamance dira. Senegal ibaiak Senegalen eta Mauritaniaren arteko muga egiten du, eta haren adarretako batek, Faleme-k, Senegalen eta Maliren artekoa; Senegal ibaia, ur asko duenean, ontziz ibiltzeko egokia da. Sine eta Saloum agortzen dira lehorraldietan. Gambia eta Casamance, berriz, ur emari handikoak dira. v Klima eta landaredia. Senegalgo klimak basamortuko lehorraren eta tropikoko hezearen ezaugarriak ditu. Oro har, hiru klima mota bereiz daitezke. Saint-Louis eta Dakar hirien arteko kostaldekoa, urtarrileko hotz handiena 17 °C-koa eta maiatzeko bero handiena 27 °C-koa dituena, eta euri sasoia ekainetik urrira duena (500 mm). Sahel-ekoa, edo Senegal ibaiaren eta Thies eta Maliko Kayes herrien arteko irudizko lerroaren bitartekoa, urtarrileko hotz handiena 14 °C-koa eta maiatzeko bero handiena 40 °C-koa dituena, eta euri sasoia uztailetik urrira duena (350 mm). Alderdi horretako landaredia sabana lehorrekoa da, tarteka akaziak dituena. Azkenik, aipatutako lerrotik hegoaldera, Senegalek Sudango lurraldeko klimaren ezaugarriak ditu. Kaolack-en, adibidez, arratsaldero 38 °C-ko beroa izaten da urte osoan zehar, eta euria eta landaredia, hegoaldera joan ahala, gero eta ugariago dira: 725-975 mm euri Kaolack-Tambacounda eskualdean, eta 1250 mm-tik gora Casamance-n. Hala, herrialdearen hegoaldean baso tropikala hazten da, eta mangle zuhaiztiak kostaldean. v Biztanleak. Senegalgo biztanleria Sudango lurraldeko beltzen etniez osatua da; zazpi etnia nagusi (wolof, serer, fulani, tukulor, diola, malinke eta soninke) eta beste txikiago batzuk daude (mauri, lebu, basari). Orain gutxi arte, etnia horietan, gizartea mailakako hurrenkeran antolatua egon da: printzeen kasta, aitonen semeak, libreak, behe mailako kastak eta, azkenik, esklaboak. Hizkuntza ofiziala frantsesa da, baina etnia bakoitzak bere hizkuntza erabiltzen du; hala ere wolof-a indarra hartzen ari da horien artean. Biztanle gehienen erlijioa islama da. Biztanle banaketari dagokionez, gehienak mendebalean bizi dira, herrietan, kostatik hurbil; nolanahi ere, XX. mendearen bukaeran, hiriguneak, eta hiriburua batez ere, handitzen ari dira. Dakar herrialdeko garraiabide, administrazio eta ekonomia gune nagusia da. Jaiotza kopurua garaia da (% 48), eta nahiz eta heriotza kopurua (% 18,50) ere oso handia izan, biztanleria bizkor ari da ugaltzen (% 3,1). v Ekonomia. Senegalgo ekonomia nekazaritzan oinarritzen da. Herrialdean bi alderdi bereiz daitezke: aurrerabidean dagoen sartaldea, batetik, eta, bestetik, sortalde behartsua, bizibidea ozta-ozta ateratzen duena. Nolanahi ere, Senegal Afrikako herrialde aurreratuenetako bat da. v XIX. mendearen erdialdeaz gero, Senegalen lantzen den gai nagusia kakahuetea da, eta herrialdearen ekonomia kakahuete uzta onaren edo txarraren mendean egon da. Gainera, nekazaritza, eta, beraz, herrialdearen ekonomia osoa, lehorteen arriskupean dago. Larrialdietan Senegalek beste herrialde batzuen laguntza izan du, Frantziarena batez ere. Arrisku horien aurrean, gaur egun, gero eta lur gehiago erabiltzen ari dira beste gai batzuetarako (azukre kanabera, artatxikia, basartoa, arroza, artoa eta kotoia). Abere hazkuntzak (ardiak eta behiak) eta, batez ere, arrantzak (atuna) nolabaiteko garrantzia dute. Lehen sektoreak langileen % 70 hartzen du. Fosfatoen ustiapenak ere nolabaiteko garrantzia du. Senegalgo industria nekazaritzako eta arrantzako gaiak, eta baita kimika gaiak eta petrolioa ere, eraldatzera bideratua da: kakahuete olioa, ehungintza, arrain kontserba, azukregintza, petrolio findegiak…, eta hiriburuan dago bilduta. Turismoak gero eta garrantzi handiagoa du. Senegalek kakahuete olioa, arraina, fosfatoa, petroliotik eratorritako gaiak, kotoia, eta kimika gaiak esportatzen ditu, eta petrolio gordina, makineria eta oinarrizko elikagaiak inportatzen ditu batez ere. Inportazioak esportazioak baino gehiago dira. Merkataritza harreman gehienak Frantziarekin, eta ondoren, Europako eta Afrikako beste herrialde batzuekin ditu. v Dakarreko aireportuak eta portuak garrantzi handia dute Europa, Afrika eta Hego Amerika arteko harremanetan. Errepideak eta burdinbideak nahikoak dira, kostaldean behinik behin. v Gobernua eta gizartea. Senegal errepublika da. 1983ko konstituzioaren arabera, errepublikako lehendakariak aginpide eragilea du, eta gainera, berak izendatzen ditu ministro batzordeko kideak, eta bera da batzorde horretako burua. Legebiltzarrak legegintzako aginpidea du. Lehendakaria eta Legebiltzarreko 120 diputatuak bost urtez behin hautatzen dira bozketa bidez. Administrazioari dagokionez, 10 eskualdetan banatua dago, bakoitzak bere gobernari eta biltzarrarekin. v Senegalgo osasun egoera eta zerbitzuak ez dira onak, eta, oro har, askoz ere erosotasun gutxiagoko bizimodua duten bezala, askoz txarragoak eta urriagoak dira herrietan hirietan baino. Esate baterako, 1-4 urte bitarteko haurren heriotza kopurua bost aldiz handiagoa da herrietan Dakar-en baino. Osasun arazo nagusiak malaria, tetanosa, meningitisa eta arnas bideetako tuberkulosia dira. Bizi itxaropena, XX. mendearen bukaeran, 46 urtekoa da gizonezkoentzat eta 48 urtekoa emakumezkoentzat. Irakaskuntza nahitaezkoa da 6-12 urte bitarteko haurrentzat, baina haurren % 40 gutxi gorabehera baino ez da eskolara joaten; hiri nagusietan lanbide eskolak daude, eta Dakar-en unibertsitatea. v Kultura. Senegalgo kulturak ahozko tradizioari esker iraun du gaur egun arte. Koblakari moduko griot-ek herriaren oroimena zaintzen dute, eta ahoz aho, herriaren iraganaren berri ematen diete ondorengo belaunaldiei, herrietan batez ere. Literaturan aipatzekoak dira Léopold Senghor poeta (1906an jaioa), errepublikako lehendakari izana, eta baita Sembène Ousmane eleberrigilea ere. Senghor Negritude («belztasuna») edo herri beltzen nortasuna aldarrikatzea helburutzat zuen literatura higikundearen sortzaileetako bat izan zen. Bestalde, arteari dagokionez, eskulturak, abstraktua eta idiogramazkoa, garrantzi handia izan du senegaldarren artean; gaur egun Europan saltzen da gehiena. v Historia. Senegal europarrek Afrikan lehenbizi kolonizatu zuten lurraldeetako bat da. 1444an portugaldar itsasgizonak Cabo Verdera iritsi ziren, eta hurrengo urteetan merkataritza guneak sortu zituzten Goree uhartean eta Senegalgo kostaldeko beste toki batzuetan. XVII. mendean zehar holandarrek eta frantsesek hartu zuten portugaldarren tokia. 1638an, frantsesek Saint-Louis hiria sortu zuten, esklaboen salerosketarako, eta 1677an Goree kendu zieten holandarrei. Bi aldiz britainiarren mendean egon ondoren, 1817tik aurrera Goree eta Saint-Louis Frantziaren eskuetan geratu ziren berriz. Bien bitartean, arabiar gomaren ekoizpen eta esportazioak lehentasuna kendu zion esklaboen salerosketari. 1848an Frantziako Bigarren errepublikak esklabotasuna debekatu zuenean, koloniako ekonomiaren hazkundea eten egin zen. 1854an Louis-Léon Faidherbe (1818-89) gobernari izendatu zuten. Faidherbe-k lurralde osoa menderatu zuen eta Mendebaleko Afrikako konkisten abiapuntutzat erabili zuen. Halaber, kakahuetea sarrarazi zuen. 1857an Dakar sortu zuten, 1895tik aurrera Mendebaleko Afrika Frantsesaren gobernuaren egoitza izan zena. Bigarren Mundu Gerran senegaldar asko Frantziaren gudarosteko sailetan borrokatu ziren. 1958an, Frantziako errepublika autonomo, eta 1960an estatu burujabe bilakatu zen. Léopold Senghor izan zen errepublika sortu berriaren lehen lehendakaria. 1962an, estatu kolpe bat galarazi ondoren, Senghor-ek aginpide osoa hartu zuen, eta alderdi politiko bakarreko erregimena ezarri zuen. 1976tik aurrera debekatutako alderdi politikoen legeztapena hasi zen. 1981ean, Senghor-ek Lehen ministro eta Alderdi Sozialistako buru zen Abdou Diouf-en eskuetan utzi zuen lehendakaritza eta bera izan zen 2000 urtea arte lehendakaria, 1983, 1988 eta 1993 urteetako hauteskundeak irabazi ondoren. 1982ko otsailaren 1ean Senegalek eta Gambiak, elkar harturik, Senegambiako Konfederazioa eratu zuten, baina 1989an desegin zen, okerrera egin baitzuten bien arteko harremanek. 1989-1992 bitartean, muga arazoak zirela eta, Mauritaniaren eta Senegalen arteko harremanak eten ziren, eta borroka latzak izan ziren Senegal ibaiaren eskualdean. Hegoaldean, Casamance eskualdeko talde separatista bat Senegalgo armadarekin borrokan ari da 1982 ezkero. 2000. urteaz geroztik Adulaye Wade da lehendakaria. 2004an, lehendakariak Casamanceko gerrillari taldeekin bake hitzarmen bat sinatu zuen.