Seleukeia
Seleukos I.a Nikator erregeak Sirian eta Zilizian sortu zituen hiri batzuen izena. v Seleukeia Kalikadnos. Antzinako Ziliziako hiria, Kalikadnos (egun Goksu Nehri) ibaiaren bokalearen sarreran (egungo Silifke hiria, Turkiako hegoaldean). Hiri garrantzitsua izan zen erromatarren mendeko garaietan. v Seleukeia Pieria. Antzinako Siriako hiria eta portua, Mediterraneo itsasoaren ertzean eta Orontes ibaiaren haranean (gaur egungo Turkiako hegoaldean, Siriako mugatik hurbil). Antiokiako hiriaren itsas portu nagusia izan zen. VI. mendean suntsitu zuten arabiarrek. v Seleukeia Tigris. Antzinako Mesopotamiako hiria, Tigris ibaiaren ertzean (Siriako erreinuaren ekialdea, egungo Bagdad-etik hurbil). Seleukos I.a Nikator erregeak sortu zuen K.a. 307. urtean. Babiloniako hiriaren lekua hartu zuen, eta seleukotarren inperioko hiriburua izan zen. 600.000 biztanle izan zituen garai oparoenean. Merkataritza eta kultura hiri guztiz garrantzitsua izan zen; Greziako, Mesopotamiako eta Babiloniako juduen erlijioak eta kulturak bildu ziren hiri horretan. K.a. 250 urte aldera partiarren eskuetara igaro zen hiria, eta partiarrek Ktesifonte-ko hiria eraiki ondoren (K.a. 55) hasi zen handitasun hura galtzen. K.o. 165. urtean erre zuen hiria Avidio Cassio buruzagi erromatarrak. 300.000 biztanle zituen orduan; II. mendearen bukaeran, ordea, guztiz utzia zen hiria.