Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

selenio

iz. Kim. Ez metaltzat hartzen den gai bakun erdieroalea (Se; at.-z. 34; at.-m. 78,96). 2, 4 eta 6 ditu balentziak, eta 6 isotopo egonkor ditu. Kobrearen meen garbiketan azpigai gisa lortzen da. Solidoa da eta hainbat era alotropikotan agertzen da: 1) Hauts gorri egitura finkorik gabeko gisa; belztu egiten da denborarekin, 40 °C-tan biguntzen da eta 217 °C-tan urtu; berarekin kristal edo koloide erako selenioa presta daiteke. 2) Kristal edo koloide eran; kristal erako selenioaren pisu espezifikoa 4,5 g/cm3 da, eta 217 °C-tan urtzen da. Kristal erako selenioa erdioralea da. Elektrikoki zuzentzaile gisa jarduten du, eta jarduera fotoeroale eta fotoboltaiko nabaria du (irrada energia energia elektriko bihurtzen du). Haren eroamen elektrikoa handiagotzen da argiak ematen dionean. Horregatik, selenioa zelula fotoelektrikoetan, eguzki piletan, konputagailuen nukleo magnetikoetan, telebista kamaretan, xerografia xafletan eta abarretan erabiltzen da. Aleazio binarioak eratzen ditu zilar, kobre, zink, berun eta abarrekin. Animalien elikagaien beharrezko gaia da. Lehen aipatuez gainera, selenioa beste gauza batzuetarako ere erabiltzen da: kautxua bulkanizatzeko, katalizatzaile gisa, beirari kolorea emateko, gai zeramikoak prestatzeko eta abar. Selenioa bera ez da toxikoa, baina bai selenioaren eratorri batzuk (hidrogenoaren seleniuroa, adibidez).