Satie, Erik
Frantses musikagilea (Honfleur, Calvados, 1866 - Paris, 1925). Gaztetan Parisko kontserbatorioan egin zituen ikasketak. 1887-98. urteetan Montmatreko auzoan bizi izan zen; kabaret batean lan egin zuen eta bizimodu arras bitxia izan zuen. Berrogei urte inguru zituenean Schola Cantorum-ean sartu zen D’Indy-rekin eta Roussel-ekin musika teknika ikasteko. Debussyren adiskidea izan zen, baita Stravinskirena ere, beste batzuen artean. Eragina izan zuen musikagile gazteengan eta eragin horrek garrantzi handia izan zuen haiek geroago egin zuten musikan. Satie musika berritzailearen aitzindaria izan zen eta zerikusi handia izan zuen Seien Talde-an eta Arcueil-go Eskolan. Erromantizismoa eta inpresionismoa baztertu zituen, eta musika garbia, soila eta erretorikarik gabea idatzi zuen. Lan aipagarrienak ditu: pianorako Sarabandes (1887); Gymnopédies (1888); Trois morceaux en forme de poire (1903, Udare itxurako hiru musika lan); balletak, Parade (1917) eta Mercure (1924); Socrate (1917-19) oratorioa; doinuak; kantuak.