Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

satelite

iz. Planeta baten inguruan biratzen den argizagia. ik. ilargi. Ilargia Lurraren satelitea da. Marteren bi sateliteak. || Satelite artifiziala: Lurretik jaurtiriko ibilgailua, planeta baten satelite bihurtzen dena eta hainbat zereginetako erabiltzen dena.  v  Eguzki sisteman diren planeta guztiek, Merkuriok eta Artizarrak izan ezik, satelite naturalak dituzte. 40 satelite natural baino gehiago aurkitu dira Eguzki sisteman. Saturno da satelite gehien duen planeta, 17 baititu aztertuak, eta oraindik egiaztatu gabeko beste bost. Sateliteak elkarren oso desberdinak dira tamainaz; batzuek zenbait kilometroko diametroa baizik ez dute, Marteren eta Jupiterren zenbait satelitek esate baterako; beste gutxi batzuk ordea, Merkurio planeta baino handiagoak dira, esate baterako Saturnoren Titan eta Jupiterren Ganimedes eta Calisto. Sateliteen osaera ere desberdina da batetik bestera; Ilargia esate baterako harritsua da, Saturnoren Enceladus satelitearen osaera, berriz, erdia pasa izotza da.  v  Komunikazio sateliteak. Lurreko zenbait punturen artean komunikazioa erraztearren jaurtitzen den satelitea. 1958. urtean jaurti zuten Estatu Batuek espaziora lehen komunikazio satelitea. Satelite pasiboak ziren urte horietan jaurti zirenak, jasotako seinaleak atzera beste norabait bidali baizik egiten ez zutenak. Lehen satelite aktiboa, seinaleak jaso eta igortzeko gai zena, 1962. urtean jaurti zen; horri esker eraman izan ahal ziren telebista irudiak zein telefono deiak ozeanoen artean. 1963. urtean jaurti zen Syncom 2 lehen satelite geosinkronoa, hots, Lurrari buruz puntu finko batean mantentzen dena. Lehen komunikazio satelite komertziala 1965. urtean jaurti zen. Komunikazio sateliteetara seinaleak Lurrean diren igortzaileetatik bidaltzen dira, sateliteak seinalea jasotzen du, handitu eta atzera lurrerantz igortzen du beste hartzaile jakin batera. Komunikazio sateliteak kohete bitartez edo espazio ontzien bitartez jaurtitzen dira espaziora. Satelitea dirauen bitartean kontrolatu egiten da: lurrak, ilargiak eta eguzkiak dituzten grabitate eremuen erregulartasun ezak eta Eguzkiaren argiaren eta haizearen presioek alda baititzakete haien orbitak. Eguzki energia da komunikazio sateliteetan energia iturri nagusia; hala ere zenbait satelite esperimental radioisotopoaz hornitzen dira, eta sorgailu termoelektrikoak ere erabili dira. Komunikazio satelite multzoek satelite komunikazio sistemak eratzen dituzte.  v  Satelite artifiziala. Fis. Gizonak Lurraren orbitara jaurtitzen duen satelitea. Orbita zirkularra dela onartzen bada sateliteari Lurretik jaurtitzeko eman behar zaion lastertasuna hau da:



bertan M Lurraren masa, R haren erradioa, eta G grabitatearen konstante unibertsala direla. Lastertasun hori 7,9 kilometro segundokoa dela kalkulatzen da. Orbitaren erradioaren artean eta bira edo erreboluzio baten T periodoaren arteko erlazioa Keplerren hirugarren legearen arabera:



Satelitea h garaiera jakin batera denean haren biraren periodoa, berriz, honela lortzen da:



  v  Satelite geosinkronoa. Lurraren inguruan Lurrak duen periodo beraz bira egiten duen satelitea. Horretarako bere orbita zirkularrak 42.200 kilometroko erradioa izan behar du. Orbita hartan ekuatore gainean den satelite batek finkoa dirudi Lurrean den behatzailearentzat. Telekomunikazioetan erabiltzen diren komunikazio sateliteak geosinkronoak izan ohi dira.