Sartorius, Nicolás
Espainiar politikari eta legelaria (Donostia, 1938). Zuzenbide ikasketak egin zituen. 1959an Frente de Liberación Popular FELIPE-ko kide egin zen eta geroxeago Espainiako Alderdi Komunistakoa. 1962-1970 bitartean bost aldiz sartu zuten kartzelan erregimenaren aurkako ekintzetan parte hartzeagatik. Marcelino Camachorekin batera Comisiones Obreras (CCOO) sindikatua sortu zuen eta sindikatuko kide izan zen 1981 arte. Alderdi Komunistako kide gisa, Batzorde Nagusiko kide hautatu zuten 1970ean, eta 1978an, Alderdiaren IX. Batzarrean, Batzorde Nagusiko, Batzorde Exekutiboko eta Exekutiboaren Batzorde Iraunkorreko kide. 1981ean Espainiako Alderdi Komunistako lehen idazkari izendatu zuten, baina hurrengo urtean alderdian izan zen krisian karguaren dimisioa eman zuen, Santiago Carrillorekin batera. 1986ko hauteskunde orokorretan Izquiera Unida koalizioko diputatu hautatu zuten; 1989an, diputatu ez ezik, alderdiko bozeramaile izendatu zuten. Kongresuan, Diputazio Iraunkorreko eta Ekonomia, Merkakaritza eta Ogasun, Justizia eta Barne Arazoetako batzordeetako kide hautatu zuten, eta Arartekoaren Batzordeko kide, halaber. 1992an dimisioa eman zuen, Izquierda Unidako lehendakaritzak markatzen zuen ildoarekin bat ez zetorrelako. Alderdi Sozialistarekin bat eginez, Maastrichteko Itunaren atxikimenduaren aldekoa zen. Azkenean, Sartoriusek, Cristina Almeida eta Pablo Castellanosek, koalizioak agindutakoaren kontra, Maastrichteko Itunaren aldeko botoa eman zuten Legebiltzarrean, eta horrek krisi handia sortu zuen. Hirurok Nueva Izquierda korrontea sortu zuten. Nueva Izquierdako ordezkarien eta Izquierda Unidako zuzendaritzaren arteko desadostasunek politikaren lehen lerrotik eta zuzendaritzatik urrunarazi zuten. Artikulu asko argitaratu ditu egunkarietan, eta baita zenbait liburu ere, hala nola, El resurgir del mundo obrero (Langile munduaren birsortzea).