Sartre, Jean-Paul
Frantses idazle eta filosofoa (Paris, 1905 - Paris, 1980). 1924-1928 urte bitartean Parisko École Normalen, Sobonnen eta geroago Alemanian egin zituen ikasketak, eta Le Havre, Berlin eta Parisen irakasle izan zen. Alemanian Husserl eta Heidegger ezagutu zituen, haren pentsakeran eragin handia izan zutenak; Husserlen fenomenologia eta Heideggerren existentzialismoa Frantzian zabaldu eta haietan oinarriturik existentzialismoaren ikuspegi berri bat eman zuen Sartrek, errealismo naturalista eta mekanizista, eta idealismoa kritikatzen dituena. 1940-1941ean alemaniarren preso egon zen eta askatasuna lortu ondoren erresistentziarako lanean aritu zen gerrak iraun zuen bitartean. 1945ean irakaskuntza lanak utzi, Merlau-Ponty filosofoarekin batera Les Temps Modernes aldizkaria sortu eta filosofia, literatura eta politikan murgildu zen bete-betean. Bere idazlanak gizakiaren askatasunari buruzko hausnarketa dira: mundua higuingarria da eta zentzugabea da bizitzea bera ere; baina infernu horrek badu irteera bat, gizakiaren askatasun bidea, hain zuzen. Ildo horretatik, politikari dagokionez Sartrek beti izan zuen komunismoarekin lotura eta marxismoan oinarritu zen; marxismoa jakituria gorentzat eta existentzialismoa haren barneko ideologia gisa hartzen zuen; existentzialismoak marxismoari egiten dion ekarpen nagusia gizonaren izatea bera azpimarratzea zela zioen. Dena dela alderdikeriak eta alderdien diziplina gogorra baztertzen zituen eta unean uneko gertakarien aurrean bere iritziak eman zituen, sarritan komunismoaren dotrina ofizialaren kontra; hala, 1953an, Indotxinaren kontrako gerraren aurka eta 1957an, sobietarrek Budapest hartu zutenean haien kontra agertu zen; eta 1961ean «121 lagunen manifestua» izenpetu zuen, Aljeriako gerran zeuden frantsesen matxinatzeko eskubidearen alde. 1966an, Russel epai mahaiaren (epai mahai iraultzailea, Estatu Batuek Vietnamgo gerran izan zuen jokabidea epaitzeko antolatua) sorrera bultzatu zuen; handik bi urtera, 1968ko maiatzean, legebiltzarretik kanpora zeuden talde gazteen alde agertu zen. 1970ean, Burgosko epaiketa antolatu zelarik, frankismoaren kontra eta Euskal Herriaren burujabetasunaren alde idatzi zuen. 1964an, Literaturako Nobel saria eman zioten, baina uko egin zion. v Idazlanak. Lan asko idatzi zuen, eta genero ugari landu zuen. Sartrerenak dira, besteak beste: L’imagination (1936), L’Âtre et le néant (1943, Izatea eta ezereza), Critique de la raison dialectique (1960), Situations (1974-1976, Egoerak, 10 liburukitan), filosofiazko saiakerak; La nausée (1938, Goragalea), Le mur (1939, Harresia), Les chemins de la liberté saila (1945, Askatasunaren bideak), eleberriak edo ipuin bildumak; Les mouches (1943, Euliak), Huis clos (1945, Atea itxita), La p… respectueuse (1946, P… adeitsua), Morts sans sépulture (1946, Hilobirik gabeko hildakoak), Les mains sales (1948, Esku zikinak); Nekrassov (1956, Xabier Olarrak euskaratuta), dramak; Baudelaire (1947), Qu’est-ce que la littérature (1947, Zer da literatura), Saint-Genet (1952), L´idiot de la famille: Gustave Flaubert (1971), literaturazko saiakerak; Les mots (1964, Hitzak), autobiografia.