Santer, Jacques
Luxenburgotar politikaria eta legelaria (Wasserbillig, 1937). Zuzenbide ikasketak egin zituen, Estrasburgon, Parisko Unibertsitatean, eta hiriburu horretako Zientzia Politikoetako Eskolan. 1961-1965 bitartean Luxenburgoko Apelazio Auzitegiko abokatu izan zen. Europako Legebiltzarrean, Alderdi Kristausozialeko kide gisa, lehendakariorde izan zen 1975-1977 bitartean; 1979an eta 1984an Europako Legebiltzarreko kide hautatu zuten. 1976an Luxenburgoko Hiriko Magistratu hautatu zuten. 1979-1984 bitartean Finantza, Lan eta Gizarte Segurtasuneko ministro izan zen, Pierre Werner-en gobernupean. 1984ko Legegintzarako hauteskundeen ondoren, Pierre Werner-en lekua hartu zuen Lehen ministro eta Estatu ministro gisa. Aldi berean, bere gain hartu zituen Finantza ministerioa eta Posta eta Telekomunikazioetako ardurak. 1985eko ekainean Europako Ekonomia Erkidegoko Batzordeko lehendakaritza bereganatu zuen, Santar-en gidaritzapean. Aginpidean egon zen sei hilabeteetan arazo handiei aurre egin behar izan zien: Golkoko gerra, kurduen arazoa, Sobietar Batasunaren kinka larria, eta jugoslaviar errepubliken arteko gatazkari, besteak beste, Europako nekazaritzako eta merkataritzako barne arazoak ahaztu gabe. 1994ko ekaineko hauteskundeetan lehendakaritza lortu zuen berriro, eta urte horretan bertan, uztailean, Europako Batzordeko lehendakari hautatu zuten, Delors-en lekuan. 1995eko urtarrilean Luxenburgoko Lehen ministro karguaren dimisoa eman zuen. 1991n Robert Schuman saria jaso zuen, Europa Batuaren alde egindako lanarengatik.