Sandoval, Prudencio de
Gaztelako historialaria eta Iruñeko apezpikua (Valladolid, 1551 inguruan - Iruñea, 1620). Naxerako priore izendatu zuten eta Noticias históricas del real Monasterio de Nájera (Naxerako Errege Monasterioaren historia) liburua idatzi zuen. 1598an beneditarren ordezkari nagusi izendatu zuten Madrilgo gortean eta 1599an erregearen kronikari, Garibay-ren ondoren. Historia de la vida y hechos del emperador Carlos (Karlos enperadorearen bizitza eta ekintzak) obra handia idatzi zuen ondoren. Iruñeko apezpiku egin zuten 1611. urtean. Nafarroa Garaiaren eta Nafarroa Beherearen arteko mugak zehazteko konferentzietan parte hartu zuen (Arnegi, 1612-1613), eta monasterio berriak sortu zituen (Zumaia, 1614; Lizarrakoaren berrikuntza, 1616). Beneditarren ordenari, Iruñeko eliz-barrutiari eta Gaztelako eta Leongo erregeei buruzko obrak idatzi zituen Iruñean zegoela.