Sandoval, Arturo
Kubatar musikaria (Artemisa, 1949). Hamabi urterekin tronpeta klasikoa jotzen ikasten hasi zen, baina bere zaletasunak bultzatuta, jazz musikara jo zuen berehala, bere jatorriko prestakuntza inoiz ahaztu gabe hala ere, 90eko hamarraldian BBCko Orkestra Sinfonikoarekin, Leningradokoarekin edota Los Angelesko Orkestra Filarmonikoarekin egin zituen grabazioek frogatzen duten bezala. Musika Modernoko Okestra Kubatarreko kide izan zen, eta Irakere taldearen sortzaile. Kalitatea, komertzialtasuna eta ikerketa lana bateratzen jakin zuen berritzaileetako bat izan zen. Ospe handia lortu zuen, bai Kuban, bai Kubatik kanpo ere (Grammy sari bat irabazi zuen). 1980an taldea utzi zuen beste bat sortzeko: Arturo y Grupo. Kubako musika jotzaile onena izendatu zuten 1982, 1983 eta 1984. urteetan. 1990ean Estatu Batuetara joan zen bizitzera, Floridara. Handik gutxira bere idolo eta lagun Dizzy Gillespie-rekin batera jotzen hasi zen, eta Gloria Estefane-ren musikagile kutun bihurtu zen. Zenbait filmetako musika ere egin zuen: Habana; Los reyes del mambo; La familia Pérez. Lanik aipagarrienak: I remember Clifford (bi Grammy sariren irabazlea); Michel Legrand-ekin batera egindako grabazioak –Dream come true; Flight to freedom–; Danzón (1994); Arturo Sandoval y el tren latino (1995). 1996ko erdialdean, jazzera itzuli eta Swinging argitaratu zuen. Musika irakasle gisa, eskolak eman ditu Parisko Musika Kontserbatorioan, Moskuko Txaikovskin eta Floridako Nazioarteko Unibertsitatean. Dizzy Gillespie United Nation Band taldean parte hartu zuen gonbidatu gisa, eta besteak beste, Stan Getz, Billy Cobham, Michel Legrand, Jon Faddis, Larry Coryell, Woody Shaw, John McLaughlin, Herbie Hancook edota Woody Herman bezalako musikari handiekin jo zuen.