Sandino, César Augusto
Nikaraguako politikaria (Niquinohomo, 1893 - Managua, 1934). Meatzaria izan zen Nikaraguan, Hondurasen eta Mexikon. 1926. urtean itzuli zen Nikaraguara, Chamorro eta Moncada jeneralen arteko ezadostasunak agerien zeuden unean, hain zuzen. Nikaraguako lurraldearen askatasuna arriskuan zen Stimson-Moncada hitzarmenaren ondorioz. Estatu Batuen mendeko lurralde bihurtzeko arriskuari aurre egitearren gobernuaren aurkako matxinada antolatu zuen Sandinok. Nikaraguako gudarostearen eta Estatu Batuen aurka borrokatu zen eta azkenik, Juan Bautista Sacasa hautatu zuten lehendakari, Estatu Batuek bultzatzen ez zuten gizona alegia. Hoover amerikar lehendakariak soldaduak Estatu Batuetara itzultzeko agindua eman zuen (1933), eta Sandino, ondorioz, gobernu berriarekin hitzartzera abiatu zen Managuara. Lehendakariaren egoitzara gonbidatu zuten baina Anastasio Somozak goardia nazionaleko buruzagi eta Moncada lehendakari ohiaren ilobak, hil zuen.