San Saturnino
edo San Zernin. Iruñean XI. mendearen bukaeran egituratu zen auzo frankoari eman zioten izena. San Saturnino elizaren inguruan eraiki zuten auzoa, eta haren izena hartu zuen. XII. mendean, foru eta pribilegio bereziak eman zizkieten biztanleei, eta ordutik aurrera tirabira handiak izan zituzten auzokoek Nafarreriako biztanle euskaldunekin eta, neurri apalagoan, San Nikolas auzoko frankoekin; Gilhem Anelier-ek kontatzen ditu bere Nafarroako gerra zibila poeman, okzitanieraz. Hiri burujabeen antzera gobernatzen ziren auzoak. 1423an, hiri-gobernu bakar batera bildu zituen Karlos III.ak Iruñeko auzo guztiak.