Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Samos

Greziako hego-ekialdeko uhartea, Egeo itsasoan, Turkiako kostaldetik hurbil, Ikaria-ko uhartearekin batera Samos-eko nomo edo departamendua (778 km2 eta 41.000) osatzen duena. 476 km2 eta 33.000 biztanle. Hiriburua, Samos (5.600 biztanle). Menditsua da uhartearen mendebala (1.436 m Kerketes mendian) baina laborantzara zuzendutako zabaldiek hartzen dute uhartearen ekialdea eta hegoaldea. Laborantza (mahatsa, olibondoak, zitrikoak, tabakoa, kotoia) eta arrantza dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira Hera tenpluko hondakinak. v Historia. Oso uharte oparoa izan zen K.a. VII. mendetik aurrera, eta kolonia asko antolatu zituzten bertako biztanleek Propontide, Amorgos eta Samotrazian. Ontzigile bikainak, eskulangile iaioak eta ehule trebeak ziren Samoseko biztanleak, eta Egiptotik Iberiarainoko eremuan saltzen zituzten beren merkataritza produktuak. Pertsiarrek konkistatu zuten K.a. V. mendean eta erromatarrek K.a. IIean. Bizantziarren eta genoarren esku egon zen XIV-XV. mendeetan baina turkiarrek menderatu zuten ondoren eta albaniar jatorriko biztanleez populatu zuten uhartea. Greziaren mende geratu zen Balkanetako lehen gerra amaitu zenean (1923).