Salvador Caja, Gregorio
Espainiar lexikologoa eta dialektologoa (Cullar-Baza, Granada, 1927). Filosofia eta letrak ikasi zituen Granadako Unibertsitatean, eta filologia erromanikoa izan zuen espezialitatea. 1953an Madrilgo Unibertsitatean lortu zuen doktoregoa. 1950-1960 urteen bitartean Atlas Lingüístico y Etnográfico de Andalucía laneko sei liburukiak egiten aritu zen Manuel Alvarrekin. 1959an Espainiako hizkuntza eta literatura katedra lortu zuen eta irakasle aritu zen 1961-1966 urteen bitartean Algeciras, Cartagena eta Astorgako institutuetan. 1966an Tenerifeko La Lagunako Unibertsitateko espainiar hizkuntzaren gramatika historikoko katedra lortu zuen. 1967an unibertsitate horretako filosofia eta letretako fakultateko dekano hautatu zuten, eta kargu horretan aritu zen 1973. urtea arte. Hiri horretako letretako fakultatearen baitan Semantika Estrukturaleko eskola sortu zuen. Marylandeko eta Mexikoko unibertsitateetako irakasle gonbidatu izan da halaber. 1975ean Granadako Unibertsitateko letretako fakultatera joan zen, eta 1979an Madrilgo Unibertsitate Autonomora. Hainbat lan egin ditu Leon, Kanariar Uharteak, Mexiko eta abarretako hizketa moduari buruz. Analisi metodo gisa Kopenhageko Zirkuluko teoria linguistiko-estrukturalak erabili ditu, eta horietan oinarrituta literatura ikerketak argitaratu ditu García Lorca, Blas de Otero, Miguel Hernández, Antonio Machado eta Juan Ramón Jiménezen lanen inguruan. 1986an Espainiako Errege Akademiako kide hautatu zuten. Hainbat liburu idatzi ditu, besteak beste, Semántica y Lexicología del Español (Espainieraren semantika eta lexikologia) eta Estudios dialécticos (Ikerketa dialektikoak). 1987an Aldizkari Artikuluetako Sari Nazionala eman zioten La mujer cantada artikuluarengatik.
- saltxitxa
- saltzaile
- saltze
- Saluen
- Salustio, Caio Crispo
- Salvador Caja, Gregorio
- Salvador, El
- Salvador, Iñaki
- Salvador
- salvadortar
- Salvatierra