Salamanca
Izen bereko probintziako hiriburua (Gaztela eta Leongo autonomia erkidegoa), Tormes ibaiaren ertzean. 166.615 biztanle. XIII. mendearen hasieran sortutako unibertsitatea. Errepide eta burdinbidegune garrantzitsua. Nekazaritza produktuen merkataritza, industria (tresneria mekanikoa, metalurgia, kimika industria, janari industria, ehungintza) eta turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Bi alde bereizten dira Salamancako hirian, 1936. urtetik aurrera eraiki zen hiria batetik eta Erdi Arokoa bestetik. Monumentuei dagokienez, aipagarriak dira XII. mendeko katedral zahar erromanikoa, XVI-XVIII. mendeetako katedral berria, molde gotiko, errenazentista eta barrokoan egina, XV-XVI. mendeetako San Esteban eliza domingotarra, XVI. mendeko unibertsitateko eskolak, XVIII. mendeko plaza nagusia eta XVI-XVIII. mendeetako eliza eta jauregi ugari. v Historia. Kartagotarrek sortu zuten Elmantica eta Salmantica hiri zaharra. Anibalek konkistatu zuen K.a. 220. urtean eta oso komunikabide garrantzitsua izan zen erromatarren garaian. Musulmanek hartu zuten hiria XVIII. mendearen hasieran, eta hurrengo urteetan gainbehera nabarmena izan zuen musulmanen eta kristauen arteko gerrak zirela eta. Alfontso VI.ak bere suhi Raimundo Burgundiakoari agindu zion hiria berriro eraiki zezan, eta Alfontso IX.ak unibertsitatea sortu zuen 1200. urtean, Alfontso X.aren garaian Europa guztian zehar ospe eta sona handia izan zuen ikastetxea, hain zuzen. 1520. urtean, komunitateen arteko gerra zela eta, herri osoa matxinatu zen Salamancan, eta nobleak eta lur jabe handiak kanpora egotzi zituzten. XVI, XVII eta XVIII. mendeetan gainbehera etorri zen hiriko ekonomia, larrugintza eta ehungintza desagertu ziren, eta izugarri murriztu zen biztanleen kopurua. Napoleonen gudarostearen mende egon zen 1808-1812 urteetan. 1936ko Gerra Zibilean Francoren gudarostearen alde agertu zen hasieratik eta gobernu egoitza izan zen.