Salamanca
Espainiako erdi-mendebaleko probintzia, Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoaren hego-mendebalean, Portugalgo estatuaren mugan. Mugak: iparraldean Zamora eta Valladolid; ekialdean Avila; hegoaldean Caceres, eta mendebalean eta ipar-mendebalean, Portugal. 12.336 km2 eta 366.668 biztanle. Hiriburua, Salamanca. Hiri nagusiak: Bejar, Ciudad Rodrigo, Peñaranda de Bracamonte eta Vitigudino. Iparraldea eta mendebala lauak dira; hegoaldea eta hego-ekialdea menditsuagoak dira. Probintziaren hegoaldean aipatzekoak dira Bejar-eko mendialdea (Trampal, 2.443 m; Calvitero, 2.395 m), Peña de Franciatik (1.723 m) Peña Gudinaraino (1.189 m) luzatzen den mendialdea eta Gata-koa (1.364 m Jañona mendian). Hidrografiari dagokionez Duero ibai-arroari dagozkio Salamancako probintziako ibai guztiak. Tormes, Agueda eta Yeltes dira ibai nagusiak eta Santa Teresa, Saucelle, Aldeadavila eta Agueda urtegi garrantzitsuenak. Klima kontinentala da erabat, uda bero lehorrak eta negu hotzak dituena. 400-500 mm euri ur biltzen da urtean batez beste. Mendialdeetako baso nagusiak gaiztanadiak dira eta arteak, artelatzak, haritzak eta pinuak aldatzen dira iparraldean. Ekonomiari dagokionez, nekazaritza da herrialdeko baliabide nagusia. Garia, garagarra, lekadunak, azukre erremolatxa eta bazkarako landareak dira labore nagusiak eta garrantzitsua da, halaber, abere hazkuntza (ardi, behi, zezen, zerri eta zaldi azienda). Industria (urtegietan egokitutako indar-etxeak, janari industria, kimika industria) ez dago oso garatua, eta Salamanca, Bejar eta beste zenbait hiritan baizik ez da aipagarria. Garrantzitsua da, bestalde, lurpeko aberastasunen ustiapena (eztainu eta wolframio hobi oparoak).