Saladino Ia
(Arab. Salah al-Din al-Ayyubi). Egiptoko sultan ayyubiarra 1171-1193 urteetan eta Siriakoa 1174-1193 urteetan (Takrit, Mesopotamia, 1138 - Damasko, 1193). Familia kurdu ahaltsu bateko semea zen, eta aita Siriako iparraldeko gobernari turkiarraren zerbitzuan jarri zen. Saladino, beraz, Alep, Balbek eta Damaskon hazi zen eta hiri horietan egin zituen erlijio ikasketak. Egiptora abiatutako hiru espedizio militarretan parte hartu zuen lurraldea gurutzatuen esku gera ez zedin, Palestina haien mende baitzegoen jada. 1169. urtean Egiptoko bisir izendatu zuten, eta 1174. urtean Siriako emirra hil zenean musulmanen mendeko Siriaz jabetu zen. Hurrengo hamabi urteetan Siria, Mesopotamia, Palestina eta Egiptoko indar musulmanak batzen saiatu zen. 1187. urtean Saladinoren gudarosteek gurutzatuenak garaitu zituzten Hatin-en, Palestinako iparraldean, eta hiru hilabeteren buruan Jerusalemgo ia erresuma guztia zegoen Saladinoren mende. 1187. urteko urrian, 88 urtez kristauen mende egon ondoren, Jerusalemgo hiri santua hartu zuten Saladinoren gizonek. Musulmanek Jerusalem hartu zuteneko albistea Europara heldu zenean, hirugarren gurutzada antolatu zen eta Europako hiru errege abiatu ziren, nor bere gudarostearen buru zela, hiri santura Saladino garaitzeko asmoz. 1192. urtean Rikardo Lehoi-Bihotzek, Saladinoren areriorik handienak, Europarako bidea hartu zuenean, gerra irabazitzat jo zuen Saladinok eta Damaskora erretiratu zen betiko.