Salacrou, Armand
Frantses antzerkigilea (Rouen, 1899 - Le Havre, 1989). Frantziako alderdi komunistako kide egin zen 1920an. 1923an politika utzi eta higikunde surrealista frantsesetara hurbildu zen. Ch. Dullinen adiskide izan zen, eta haren eraginez hasi zen antzerkigintzan. Bai lehenengo komediarekin, Dorre eroria (1925), bai bigarrenarekin, Europako zubia (1927), izugarrizko porrota izan zuen, gai filosofikoetan oinarritutako lan trinko eta zailak zirelako. 1925-1928 urteen bitartean Wieneren zuzendari laguntzaile izan zen, eta ondoren egin zituen Patchuli (1930) eta Atlas Hôtel (1932). Baina ez zuen arrakastarik lortu harik eta 1934. urtean Emakume aske bat lana aurkeztu zuen arte, senar-emazte burges batzuei buruzko eta maitasunari buruzko obra. Ondoren egin zituen Arraseko ezezaguna (1936), zorionaren bilaketari buruzkoa, eta Lurra biribila da (1938), Jainkoari eta bekatuari buruzko drama historikoa. 1940an gudarostean sartzera behartu zuten, preso egin zuten, ihes egin zuen eta erresistentzian sartu zen. Gerraren ondoren Koleraren gauak (1946) egin zuen. Odéoneko zuzendari izan zen 1947an. Urte horretan bertan egin zuen Lenoir uharteak komedia. Deabruaren edertasuna filmaren gidoia egin zuen 1950ean. 1960ko hamarraldian filosofia gaietara itzuli zen: Boulevard Durand (1960) eta Karduak bezala (1964).