Sáenz de Heredia, José Luis
Espainiar zinema zuzendaria (Madril, 1911 - 1992). Arkitektura ikasketak hasi zituen, baina bertan behera utzi eta antzerkian hasi zen lanean. Gidoiak ere idatzi zituen; gidoi horietako bat, Patricio miró una estrella (Patriziok izar bat begiratu zuen), beste zuzendari batentzat prestatuta zegoen, baina ekoizlearen eta zuzendariaren artean hitzarmenik lortu ez zutenez, Sáenz de Herediak berak egin zuen filma 1934an. Horrelaxe sortu zuen bere bigarren filma ere, La hija de Juan Simón (1935, Juan Simónen alaba). Gerra zibila amaitu zenean, Zinematografiako Sail Nazionalean parte hartu zuen, eta Franco generalaren zuzendari kuttunetako bat izan zen. Raza (1941, Arraza) filma egin zuen (Francoren beraren argumentuarekin) eta propagandazko beste zenbait film ere bai, Franco, ese hombre (1964, Franco, gizon hori), esate baterako. Sáenz de Herediak Espainiako zinemaren genero guztiak landu zituen, baina komedian nabarmendu zen bere maisutasuna. Aipatutako filmez gainera, azpimarratzekoak ditu: La mies es mucha (1949, Laborea asko da), Mariona Rebull (1947), El Escándalo (1943, Eskandalua), Don Juan (1950), Los ojos dejan huella (1952, Begiek arrastoa uzten dute), La verbena de la Paloma (1964, Usoaren berbena), El destino se disculpa (1944, Patua zuritu egiten da), Todo es posible en Granada (1954, Guztia da posible Granadan), Historias de la Radio (1955, Irratiko istorioak), Faustina (1956).
- Sadova
- Sadoveanu, Mikhail
- saduzear
- saduzeismo
- Saenredam, Pieter
- Sáenz de Heredia, José Luis
- Sáenz de Oiza, Javier
- saeta
- Saez, Iñaki
- Saenz de Samaniego, Gonzalo
- safabida