Sadeko markesa ;(Donatien Alphonse François de Sade)
Frantses idazlea (Paris, 1740 - Charenton, 1814). Sexu perbertsio bati, sadismoari, izena eman zion. Bizitzako 30 urte eman zituen kartzelan eta, erromantizismoaren garaian gaizkiaren iruditzat hartua izan ondoren, XX. mendean baizik ez da benetan ezaguna gertatu. v Condé printzearekin gorteko familia noblean sortu zen. Zazpi Urteko Gerran zaldun ofiziala izan ondoren, kapitain graduarekin utzi zuen armada. 1763an Renée-Pélagie de Montreuil-ekin ezkondu zen, eta harekin bi seme eta alaba bat izan zituen. Urte hartan kartzelaratu zuten lehen aldiz, erregearen aginduz, eta 1768an gero inmoralitatez salaturik. 1772an Marseillan prostituta batzuk pozoitzea leporatu zioten, eta hiltzera kondenatu, baina Sardiniara ihes egin zuen. La Coste-ko bere gaztelura itzuli zen ezkutupean, baina limurtu zituen auzoko neska-mutilen gurasoek salaturik, berriro Italia aldera ihes egin behar izan zuen ezkonarreba lagun zuela. 1776n Frantzian berriro, eskandalu hurrenkera etengabeen ondorioz 1777an atxilotu zuten Parisen, eta Vincennes-ko espetxean sartu. 1790 arte presondegian egon zen, La Bastille-n azken garaian. Kartzelaldi hartan eleberriak eta antzerki obrak idazteari ekin zion espetxeko asperdura gainditzearren. Ordukoak dira, besteak beste: Dialogue entre un prêtre et un moribond (1782, Apaizaren eta hil zorian den baten arteko solasa); Les 120 Jounées de Sodome (1785, Sodomako 120 egunak); Les infortunes de la vertu (1787, Bertutearen ezbeharrak). 1790ean askatu zuten, Iraultzaren ondorioz. Bere emaztearengandik banatu ondoren eleberriak idazten jarraitu zuen: Justine ou les Malheurs de la vertu (Justine edo bertutearen zorigaitzak), Juliette. 1792an Iraultzarako lan egin zuen zenbait kargutan, erietxeen erreforman parte hartuz eta idazki aberkoiak eginez. Izuaren garaian, alabaina, moderatu zelako salatu zuten, eta 1794an gillotinatik doi-doi libratu zen. Ondorengo urteetakoak dira: La philosophie dans le boudoir (1795, Filosofia apaingelan) eta La Nouvelle Justine (1797, Justina berria). 1801ean, Napoleonen agintepean jadanik, berriro atxilotu zuten eta 1803an erotzat hartu eta Charenton-eko eroetxean sartu zuten; hil arte egon zen han. v Sadek obra zabala utzi zuen, parte bat Kontsulatuko eta Inperioko poliziak eta familiartekoek desegin zutena: idazki politikoak, antzerki obrak, eleberriak. Azken sailekoak dira ezagunenak. Haietan, etengabeko transgresioa dela bide, benetako pentsamendu filosofikoa eta are metafisikoa azaltzen du. Saderen ustetan esperientzia ezagutzaren oinarria da eta, gainera, sentipena zenbat eta bortitzagoa izan are gardenagoa da handik ateratzen den ezagutza. Hortaz, oinazea denez sentipen biziena, esperientzia modu hori bultzatutzen du sadismoak, bost zentzumenek jasoko dituzten sentipen horiek berretu behar baitira. Hortik dator bere idazkietan aurkitzen den sexu gehiegikerien deskripzioaren xehetasuna. Materialista eta ateoa zen, eta Izadiak gizakiak lurrean jarri baditu, ahalik eta atsegin gehiena hartzeko jarri dituela aldarrikatzen zuen behin eta berriro, hura lortzearren biktimak sortzen eta krimenak obratzen badira ere. XX. mendean surrealistek berriro aurkitu zuten urte askotan legez Frantzian bertan galarazia izan den autore hau.
- Sada
- Sádaba, Javier
- Sadar
- Sadat, Anwar al-
- Sade
- Sadeko markesa ;(Donatien Alphonse François de Sade)
- sadhu
- sadiko
- sadismo
- sadomasokismo
- Sadova