Sádaba, Javier
Bizkaitar filosofo eta idazlea (Portugalete, 1940). Filosofian eta Teologian lizentziatua. Madrilgo Unibertsitate Autonomoan filosofian doktore egin zen, eta etika eta erlijioaren filosofiaren katedradun da unibertsitate horretan. Artiluku eta liburu ugari argitaratu ditu, filosofiaren ingurukoak zein Euskal Herriari buruzkoak eta, azkenaldian, tarte berezia eskaini dio bere hausnarketetan zientziak gaurko gizartean duen paperari. Publiko zabalari zuzenduak dira argitaratu dituen liburu asko. Besteak beste, hauek aipa daitezke: Saber morir (1992), La ventana y el mundo (1993), Diccionario de ética (1997), Saber vivir, análisis y gozo de la vida cotidiana (1998), Euskadi, nacionalismo e izquierda (1998), La vida en nuestras manos (2000)… Madrilen bizi arren oso hurbiletik jarraitu izan ditu beti Euskal Herriko gorabeherak eta beti egon da ezker abertzalearen proposamen politikoetatik hurbil, nahiz eta azken urte hauetan gogor kritikatu duen ETAren jarduera armatua.